EH Bilduk Gasteizko Instantzia Auzitegiaren epai baten edukia ezagutzera eman du gaur, Udalak Zadure enpresari erreklamatutako abal baten harira. Zadure enpresaren alde ebazten den epai honen arabera, Udalak ezin izango du kobratu aipatutako enpresak zor zion 1.825.812,27€, Udalari zenbateko hori erreklamatzeko zuen epea agortu zaiolako. Epaileak, preskripzioagatik, «galdaezintzat» jotzen du 1,8 milioi euro baino gehiagoko zorra, abala betearazteari uko egiten dio, hura ezerezteko baimena ematea agintzen du eta Udala kostuak ordaintzera kondenatzen du. Horrela, Udalari, guztira, 3,1 milioi euroko galera suposatuko dio (2026an eguneratutako kopurua).
«EH Bildutik udal ondarea galdu izana deitoratzen dugu, eta salatu egiten dugu prozedura horrek eta espediente deserosoak kaxoietan ezkutatzeak udala eta herritarrak ahultzen dituela, izan ere, dirua sartzeari uzten dion euro bakoitzak baliabide gutxiago dakartza Gasteizko beharrei erantzuteko» adierazi du Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak.
Prozesu judizial hori 2002an izandako gertakarien ondorio da. Garai hartan, Udalak lursail batzuk eman zizkion Zadureri, babes ofizialeko hemezortzi etxebizitza barne hartzen zituzten kontraprestazio batzuen truke. 2003an kontratua aldatu zen etxebizitza horien entregaren ordez balio ekonomikoa ordaintzeko: 1.825.812,27€. Enpresak etxebizitzak eraiki, saldu eta esleipendunengandik kobratu zituen, baina Udalari ez zion hitzartutako zenbatekoa ordaindu.
Egia bada ere ordainketa abal baten bidez bermatuta zegoela, hogei urte baino gehiagoz Udalak ez zuen dirua eraginkortasunez erreklamatu, ezta berme hori gauzatu ere. Azkenik, 2025eko abenduaren 30ean, Gobernu Batzordeak Zadureri ordainketa eskatzea erabaki zuen, eta ordaintzen ez bazuen, abala konfiskatzen hastea. Orain, epaileak, bere ebazpenean, «eskubide-abusua» eta balizko «aberaste bidegabea» aipatzen ditu, abala testuinguru horietan exekutatuko balitz.
EH Bilduk jarraipen zorrotza egin dio gaiari, eta behin baino gehiagotan galdetu du Ogasun batzordean. Arloko zinegotzi arduradunak beti ziurtatu du ez zegoela galtzeko arriskurik, eta orain epaiak erakusten du ez zela egia. EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio gobernu taldeari hurrengo Ogasun Batzordean.