Gaur goizean izan da Udal Politikako Eztabaida Orokorraren lehen saioa, eta horren ostean agerraldia egin du EH Bilduren Gasteizko bozeramaile Rocio Viterok. Udal gobernuaren hitzaldia entzun ondoren, Viterok honako hau adierazi du: «Legealdiko lehen urtea igaro da, eta, zalantzarik gabe, hobetzeko tarte handia dago. Etxebarria andrearen autokonplazientziaren aurrean, urte gazi-gozoa izan dela nabarmendu behar da». Horrela, Euskal Herria Bilduk lortutako aurrekontu akordioari esker merkataritza, enplegu eta kultura arloan aurrera atera diren proposamen eta neurri berritzaileak nabarmendu nahi izan ditu. «Akordio horren alde lanean jarraitzen dugu, eta datozen hilabeteetan hobekuntzak ekarriko ditu etxebizitzaren, babes sozialaren edo trantsizio ekologikoaren arloetan», ziurtatu du Viterok.
Baina aurrekontu akordioaz haratago, EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi du Gasteizek urrats gehiago eman behar dituela, izan ere, Udalak gehiago egin dezakeela eta egin beharko lukeela argudiatu du. Izan ere, Gasteizek tokian toki eragina duten maila globaleko erronken aurrean jarraitzen du: erronka demografikoa eta zaintzena edo bidezko trantsizio ekosoziala eskatzen duen larrialdi klimatikoaren erronka. «EH Bildutik erronka horiei aurre egiteko lanean jarraitzeko prestasun osoa dugu eta horretan lagundu nahi dutenei eskua luzatzen jarraitzen dugu. Legegintzaldi honetan zubiak eraiki beharko dira, eta espero dugu gobernuak bere ezkerrera begiratuko duela eta alde batera utziko duela, behingoz, eskuin erreakzionarioarekin akordioak erdiesteko duen joera. Erakutsi dugu, udal gobernuak herritarren ongizatearen aldeko politika publiko aurrerakoien alde egiten badu, Euskal Herria Bildurekin akordioetara iristeko aukera izango duela», adierazi du Viterok.