AKTUALITATEA


| 2023-05-19 21:49:00

Rocio Vitero Gasteizko alkategaiak EH Bilduk defendatzen duen hiri bizia eta anitza aldarrikatu du gaur arratsaldean ekitaldi batean. Gasteizek harrera hiri gisa duen izaera irekia goraipatu du Viterok, eta aukera hiria ere izan dadin lan egiteko konpromisoa hartu du. “EH Bilduk Gasteizerako duen proiektuak osagai asko eta asko ditu, baina helburu bakar bat: gasteiztar guztien bizitza hobetzea, alegia”.

Hauteskunde hauetan EH Bildu “Gasteiz hobe bat irabaztera, eskubide gehiago irabaztera” ateratzen dela esan du alkategaiak, eta ziurtatu du proiektua eta proposamenak dituela hori lortzeko. “Hil honen 28an EH Bildu elkargunea izango da Gasteiz solidario, ireki, feminista, ekologista eta euskaldun hori nahi eta amesten dugunontzat; zaintzak erdigunean jartzen dituen Gasteiz hori; justizia sozialean sinesten duen Gasteiz hori; hemen bizi diren pertsona guztiak aintzat hartzen dituena, euren jaioterriari begiratu gabe; eskubideak aldarrikatzen dituenean pertsonak ikusten dituena, ez jatorriak, ezta etekinak ere; pertsonak ikusten dituena azken batean pertsonak baino ez dagoenean”.