AKTUALITATEA


| 2020-04-20 13:26:00

EH Bilduk eskatuta Udaleko Gizarte politiketako zinegotziak egindako agerraldian, Rocio Vitero zinegotziak agerian utzi du hiriko gizarte zerbitzuak indartu behar direla. Viterok eskua luzatu dio lankidetzari, baldin eta udal gobernuaren lan ildoa aipatutako errefortzuan oinarritzen bada "Osasun krisi honek gizarte zerbitzuen gabeziak agerian utzi ditu. Oso garrantzitsua da inor atzean ez uztea eta egoitzetan hurbiltasun-eredu berri baten alde egitea eta horien gaineko kontrol publikoa areagotzea. Pertsona ahulenak zaindu behar ditugu, kalitatezko zerbitzua eskainiz eta prestazio ekonomikoak eskuratzeko irizpideak malgutuz. EH Bilduk eskua luzatzen dio lankidetzari, baldin eta udal gobernuaren helburua gizarte zerbitzuak indartzea bada".

Viteroren esanetan, krisi honetatik inor atzean uzten ez dituen gizarte zerbitzuekin atera behar da. "Denok argi badugu helburua gizarte-zerbitzuak indartzea eta duintzea dela, guztiok argi badugu arreta eta prestazioak hobetu behar direla, hau da ekiteko unea. EH Bildu prest dago bide hori egiteko, konplizitateak ehuntzeko eta akordioak lortzeko", azaldu du.

Koronabirusak eragindako krisi honek 2.600 positibo baino gehiago utzi ditu Araban (orain arte). Heriotzak 300 baino gehiago izan dira, eta horietatik %50a baino gehiago egoitzetan bizi ziren. Baina zifra horien atzean pertsonak daude eta hori ezin da ahaztu. "Krisi honek ekonomiaren eta osasunaren artean aukeratu behar izatera eraman gaitu. Eta EH Bildun, zalantzarik gabe, osasunaren alde, bizitzaren egingo dugu", azaldu du Viterok, eta Gizarte Zerbitzuak indartzeko neurri sorta bat proposatu du.

Egungo krisiak agerian utzi du makro egoitzek eredu zaharkitu bati erantzuten diotela eta ez dutela kalitatezko arretarik bermatzen. CIAM San Prudentziok emandako datuen arabera, artatutako 127 pertsonetatik %63ak baino gehiagok COVID 19aren ondorio zuzenak jasan dituzte (kutsatzea, isolamendua edota heriotza); tutoretzapeko pisuen sarean, berriz, 173 erabiltzaileetatik %0,57arengan soilik izan du eragina.

CIAM San Prudentzioko sukalde zentralaren kasuan, zerbitzuan plus bat eskatu behar izan da: catering-a izatea, Gurutze Gorriak janaria banatzea, Desmparadeskin dagoen hitzarmena aldatzea… "Sukalde-eredu berri baten alde egin behar dugu, hurbilekoa, auzokoa, publikoa... Proposamenak egiten jarraituko dugu. Pertsona guztiei elikadura ziurtatu behar diegu", eskatu du EH Bilduko zinegotziak.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gainezka daudenez, EH Bilduk Gizarte Zerbitzuetan triaje figura berri bat sartzea proposatu du. Urgentziazko balorazioa egin dezakeen profesional bat, horrela epe laburrean eskariei lehen erantzuna eman ahal izateko. Halaber, prestazio ekonomikoak jasotzeko irizpideak malgutzea eskatu du (Gizarte Larrialdietarako Laguntzak…).

 

Etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileak

Adinekoen %70ak baino gehiagok beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute, eta, horregatik, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua oinarrizko tresna da. 2019aren amaieran, 1.353 pertsonek jasotzen zuten zerbitzu hori, eta kopuru hori ezin da alde batera utzi. Hala ere, EH Bilduren ustez, nahiz eta zerbitzu hori zaintzeko beharra hain agerikoa izan den, bertako langileak izan dira udal eta foru gobernuak gehien ahaztu dituen.

"Etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileek ez dute material nahikorik izan, norbera babesteko ekipamenduak ez dira nahikoak izan eta desegokiak izan dira, eta ez zaie protokolo argirik eskaini, kutsatzeko bektore garrantzitsua eta arrisku-taldea izan arren. Hala ere, testik egin gabe eta babes-material nahikorik eman gabe jarraitzen dute. Erabiltzaileei eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko profesionalei berehala testa egitea eskatzen dugu EH Bildutik", esan du Viterok. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileei NBE eta protokolo argiak ematea eskatu du EH Bilduk.