2026ko martxoaren 3an 50 urte beteko dira martxoaren 3ko sarraskitik. Polizia Armatuak gogor egin zuen Zaramagako San Frantzisko Asiskoa elizan deitutako langileen batzarraren aurka, eta ehun bat zauritu eta bost langile hil zituzten langileak elizatik ateraraztean: Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo eta Bienvenido Pereda.
Gertaera horien urteurrena gogora ekartzeko, Vitoria-Gasteizko Udalak jarduera-programa zabala antolatu du Martxoak 3 Elkartearekin lankidetzan, eta 61.000 euro emango dizkio, gobernu-taldearen eta EH Bilduren arteko aurrekontu-akordioari esker.
Programazioa aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute Pascual Borja Gasteizko Udaleko Elkarbizitzaren eta Aniztasunaren zinegotziak, Rocío Vitero EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramaileak, Amaiur Arbe Martxoak 3 Elkartearen urteurreneko ekitaldien koordinatzaileak eta Nerea Martínez Martxoak 3 Elkartearen bozeramaileak.
“Gasteizko Udalak egun triste horren 50. urteurrena oroitu nahi du denetik izango duen jarduera-egitarauarekin, eta 75.000 euro bideratuko ditu horretarako. 1976ko martxoaren 3ko gertaeren memoria berreskuratzeko eta transmititzeko ahaleginean jarriko dugu arreta, bizikidetza sustatzearen esparruan eta giza eskubideekiko eta indarkeriarik ezarekiko konpromisoari eutsiz”, adierazi du Pascual Borjak. “Beharrezkotzat jotzen dugu biktimak eta haien kausa aitortzea eta duintzea, bai eta haien oroimena bizirik mantentzea ere. Izan ere, eraildako bost langileen eta San Frantzisko Asiskoa elizan zeuden pertsona guztien borrokak gaur egun ditugun lan-baldintzak hobetzen lagundu zuen”, gaineratu du zinegotziak.
Rocío Vitero EH Bilduko bozeramailearen esanetan, “sarraskiaren 50. urteurrenean, gasteiztarrek bizirik eusten diote martxoaren 3ko memoriari, eta egia, justizia eta errekonozimendua eskatzen jarraitzen dute. Langileen eta sindikatuen borrokari zor dizkiogu oinarrizko lan-hobekuntzak eta gaur egun bizimoduarekin eta enpleguarekin lotuta ditugun kalitate-parametroak. Gaur, EH Bilduk lan-baldintza eta soldata duinak defendatzen jarraitzen du, eta uste dugu beharrezkoa dela balioa ematea eraildako 5 langileen eta 76ko martxoaren 3an poliziak zauritutako ehunka pertsonen borrokari”.
Bestalde, Nerea Martínez Aranburuzabala Martxoak 3 Elkarteko bozeramaileak gogorarazi du 1976ko martxoaren 3tik egia, justizia eta erreparazioa lortzeko lanean aritu direla. Gainera, memoria mantendu dute, eta lan horretan, “oso garrantzitsua izan da mugimendu herrikoi, sozial eta sindikalen lana ez ezik, kultura arloak bere diziplina guztietan egin duen ekarpena ere: literaturan, poesian, musikagintzan, arte plastikoetan…”. Urteurren honetan, guztiak izango dira presente antolatutako jardueretan. Gainera, urteurrenarekin lotuta, logotipo berria ere prestatu dute. “Klandestinitatean jarri zen monolitoan inspiratuta, euskal hilarri tradizionalaren itxura du, eta 50 urte geroago zauriak irekita jarraitzen duela gogorarazten du”, zehaztu du Martínez Aranburuzabalak.
Jardueren programak hildakoen familiak oroitzeko eta omentzeko ekitaldi handi bat barne hartzen du. Herritar guztiei irekitako ekitaldia izango da eta otsailaren 28an egingo da, Europa Biltzar Jauregian.
Era berean, zinema-ziklo bat antolatuko da, lan eremuan giza eskubideen urraketaz hausnartzeko, sentsibilizatzeko eta eztabaidatzeko, bai eta martxoaren 3ko gertakariei buruzko literatura-lehiaketa bat ere.
Hilketen 50. urteurrenean, gainera, beste ekitaldi batzuk ere izango dira, hala nola munduko hainbat txokotatik iritsitako memoria-euskarriei buruzko erakusketa eta 1976an prentsak nahiz agintari ofizialek gertatutakoa nola kontatu zuten erakutsiko duten jardunaldiak.
Martxoak 3 Elkarteak, gainera, sarraskiaren inguruko film labur berri bat estreinatuko duela aurreratu du. Gainera, San Frantzisko Asiskoa eliza barrura bisitak egitea aurrez ikusi dute.