EH Bilduk, herritarren eskariei erantzunez, erabilera iragankorrak erreztea oraindik plan edo proiekturik esleituta ez duten lursailetan eskatu dio Udal Gobernuari. Erabiltzen ez diren lursailen aukerak identifikatzeko, auzoetan prozesu parte-hartzaileak hastea eta, horrela, auzotarren eskaerei zuzenean eta modu bateratuan erantzutea proposatu du EH Bilduk.
Alderdi politikoak adierazi duenez, hainbat lursailek hamarkadak daramatzate erabili gabe eta epe laburrerako plan espezifikorik gabe, herritarrek hainbat eskaera izan arren. Gainera, EH Bilduren arabera, hiriko hainbat auzotan errepikatzen den errealitatea da, bereziki, auzo berrietan, Zabalgana, Ibaiondo, Arriaga, Ali, Salburua eta Goikolarra auzoetan, alegia.
Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko hirigintza zinegotziak adierazi duenez, «hiri-espazioak erabilera publikorako berreskuratzea proposatzen dugu. Erabiltzen ez diren lursailak ahalik eta ondoen aprobetxatu nahi ditugu, eta auzo bakoitzaren eskaeretara egokitu, etorkizuneko hirigintza-garapenak arriskuan jarri gabe; hamarkadetan hutsik egon beharrean. Tipologiak askotarikoak diren arren eta kasu desberdinak egon daitezkeen arren, badira gure hirian erabilera iragankorren bideragarritasunaren adibideak».
EH Bilduk berretsi duenez, Udalak Arenas kalean Mercedesi baimendu zion behin-behineko aparkalekua edo ekipamendu-partzeletan araututako hiri-baratzeak bezalako kasuetan posible eta bideragarria izan bada erabilera iragankorreko edo aldi baterako lursailak baimentzea, erabilera mota horren potentzial guztia modu «planifikatu eta partaidetuan» garatu behar da.