AKTUALITATEA


| 2026-10-15 08:47:00

EH Bilduk zuzenketa aurkeztu dio Gasteizen Isurketa Gutxiko Eremua (IGE-ZBE) ezartzeari buruzko Ordenantzari. Zuzenketa horretan planteatzen da, Egoiliarren Lehentasunezko Eremua (ELE-APR) indarrean jartzen ez bada, udal gobernuak iragarri duen bezala, xedapen iragankorrean jasotzen den bizilagunentzako moratoria iraunkor bihur dadila. Hau da, Isurketa Gutxiko Eremuko bizilagunek eremu horretatik igarotzen jarraitu ahal izatea, ingurumen-etiketa edozein dela ere. Neurri honen helburua da arauaren neurriz kanpoko ondorioak inguruko bizilagunengan ez erortzea.


«Gobernuak erabaki du Egoiliarren Lehentasunezko Eremua martxan ez jartzea, eta, gainera, lege-mailako araua urratzen jarraitzeko borondatea agertu du. Horren aurrean, EH Bildun argi dugu horren guztiaren ondorioak ordaindu ezin dituztenak Alde Zaharreko bizilagunak direla, beraz, auzorako sarbideari dagokionez Isurketa Gutxiko Eremuaren baldintzetatik salbuetsita egon beharko lukete», adierazi du Jon Molina EH Bilduko zinegotziak.


Izan ere, udal-gobernuak Egoiliarren Lehentasunezko Eremua ez aplikatzeak dakarren linboaren aurrean, EH Bilduk proposatzen duen Ordenantzaren aldaketa honen helburua arauari segurtasun juridikoa ematea da, eta araua Egoiliarren Lehentasunezko Eremurik gabe garatzeak eragin ditzakeen kalteek ELEn bizi diren pertsonei soilik eta neurriz kanpo ez eragitea. Horregatik, moratoria iraunkorra eginez gero, bizilagunek Isurketa Gutxiko Eremutik igarotzen jarraitu ahal izango dute, ingurumen-etiketa edozein dela ere.


EH Bilduk ELEa beti modu malguan ulertu du,  Isurketa Gutxiko Eremu osoari edo zati bati eragin diezaiokeena, eta horren helburu nabarmenena Alde Zaharra eta bere ingurua pixkanaka oinezkoentzako bihurtzeko prozesuan sakontzea izango litzateke. Azken batean, espazio gehiago berreskuratu behar dira, bizilagunek, Gasteizko gainerako herritarrek eta bisitatzen gaituzten pertsonek gozatzeko. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk gobernuaren ez-betetzea deitoratu du eta joan den irailean bere babesa kendu zion.