AKTUALITATEA


| 2026-10-15 12:02:00

Vitoria-Gasteizko Udalak, EH Bilduren ekimenez, 1.086.144,40 euroraino handituko du tokiko merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuei laguntzeko bi deialdiren aurrekontua, jasotako eskaera kopuru handiari erantzun ahal izateko, EH Bildu udal-taldeko bozeramaile Rocío Viterok eta Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Maria Nanclaresek prentsaurrekoan iragarri dutenez.

Hasiera batean, laguntza horietarako 790.000 euro aurrez ikusi ziren, eta Udalak 296.144,45 euroan handitu du zenbatekoa laguntza horiek jasotzeko eskubidea duten enpresa guztietara iristeko. Bi laguntza-lerro horiek udal-gobernuak eta EH Bilduk sinatutako 2026ko aurrekontu-akordioari esker bideratu dira.

Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “Gasteizko merkataritza-sektoreak babesa eskatzen du, eta erakunde publikoek eskua luzatzen diotenean, sektore horrek aurrera egiten du. Izan ere, bi laguntza deialdi hauek izugarrizko emaitzak lortu dituzte. Hain handia izan da eskaria ezen laguntza lerroak diru gehiagoz hornitu behar izan ditugun. EH Bildutik sektore ekonomikoari babesa emango dion Udal baten aldeko apustua egiten dugu, negozioen irekieran aliatua izango dena, eta hauen modernizazioa eta eraldaketa babestuko duena itxierak saihesteko eta ehun komertzial sendo eta errotua mantentzeko”.

“Egitasmo honen bidez, ekintzaileek beren negozio-ideia gure hirian garatzeko gero eta eskaera handiagoari erantzutea lortu genuen, eta, era berean, hutsik zeuden lokalak erabiltzea. Gainera, Gasteizko merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako ETEen eraldaketa digitala sustatzen dugu, negozio horien lehiakortasuna hobetzeko eta gure hirian jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko”, adierazi du María Nanclaresek.

Arabako hiriburuan erabilgarri dauden merkataritza-lokalak dinamizatzeko laguntzen bidez, Udalak hiriko ekintzaileei laguntzen die beren jarduera garatzeko kaleko espazio batera sarbidea izan dezaten. Deialdi horrek 300.000 euro zituen hasieran, eta 365.000 eurora igoko da orain. Laguntza horrekin, alokairu-gastua ordaintzen du lehen urtean, alokairuaren % 50 bere gain hartuta, hilean 500 euroko mugarekin. Laguntza horiek abian jarri zirenetik, 167 negozio berrik ireki dituzte ateak Gasteizen.

Dirulaguntza horiek jasotzeko, baldintza batzuk bete behar dira, hala nola diruz lagunduko den jarduera Gasteizko etxabe batean egotea, enpresako plantilla 50 langiletik beherakoa izatea eta urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

Besteak beste, saltoki eta jatetxeek, bidaia-agentziek, telekomunikazio-negozioek, finantza-erakundeek, aseguru-etxeek eta jarduera profesional eta artistikoek jaso ditzakete laguntza horiek. Gainera, hornidura-merkatuetan integratutako establezimenduak ere sartzen dira.

Dirulaguntza eskuratu ahal izateko, onuradunak errentamendu-kontratua formalizatuta izan beharko du, eta kontratu horren indarraldiak 2025eko abuztuaren 1etik 2026ko uztailaren 31ra bitartean hasitakoa izan beharko du.

Eta lehen aldiz, aurten, dirulaguntzaren % 100 aldez aurretik ordainduko zaie ekintzaileei, dirulaguntza ematea ebatzi ondoren.

Eraldaketa digitala

Merkataritzako, zerbitzu pertsonaletako eta ostalaritzako enpresa txikiak ezartzeko, modernizatzeko eta digitalki eraldatzeko laguntzak, bestalde, 490.000 eurokoak ziren hasieran, eta 231.144,45 eurotan handitu dira, 721.144,45 eurora iritsi arte.

Horien bidez, 50 langile baino gutxiagoko enpresek ekipo informatikoak, kudeaketa-tresnak eta softwarea erosteko, webguneak garatzeko edo marketin digitaleko estrategiak diseinatzeko gastuetarako dirulaguntza jaso dezakete.

Udalak diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 25 eta % 40 artean finantzatuko du, proiektuan lortutako puntuazioaren arabera. Laguntza horiei esker, enpresek 20.000 euro arte lortu ahal izango dituzte.