Udal estamentu guztiak Herritarren Defendatzailea - Sindikoarekin aritzeko lankidetza eskatu du EH Bilduk. Zentzu horretan, gogorarazi du ual- erakunde guztiek Sindikoak egiten dituen interpelazioetan laguntzeko duten betebeharra, herritarrek helarazten dizkioten zalantzak eta kexak denbora eta modu egokian erantzun ahal izan ditzan.
«Sindikoa aurkezten zaizkion kezkak garaiz eta egoki ebazteaz arduratzen da, baina bere lana modu eraginkorrean egingo du, baldin eta zuzentzen zaizkion sailen laguntza jasotzen badu beharrezko informazioa biltzeko. Zoritxarrez, egun ez da hori gertatzen ari», adierazi du EH Bilduko zinegotzi Jon Molinak.
Izan ere, legealdi honetan egindako Batzorde Bereziaren bilkura guztietan, non Sindikoak hiruhilabeteko txostena aurkezten duen, aipatu izan du berak behin baino gehiagotan eskatu behar izan diela informazioa hainbat saili.
Gasteizko Udaleko Herritarren Defendatzailearen araudiak berak, 44. artikuluan, honakoa dio: “Udaleko Sailek, Zerbitzuek, Udaleko Elkarte Anonimoek, Udaleko Autonomiadun Elkarteek, Patronatuek, Fundazioek eta Udal Administrazioa osatzen duten bestelako izakiek, Herritarren Defendatzaileari edo Sindikoari lagundu beharko diote, lehentasun osoz, erraztu egingo diote informazioa eta espedienteak eskuratzeko lana, eta eskatzen dituen txostenak edo argibideak emango dizkiote”.
Horregatik guztiagatik, Euskal Herria Bilduk ostiral honetako Osoko Bilkurara mozioa bat eramango du udal gobernuari eskatzeko Sindikoarekin lankidetzan aritzeko duen eginbeharra bete eta betearaz dezala, eta hark eskatzen dituen informazio, espediente, txosten edo argibide guztiak lehentasunez eta premiaz eman ditzala.