Udal jabetzako etxebizitzen kopuruak handitu behar dela proposatuko du EH Bilduk ostiraleko osoko bilkuran. Eta, handitu ezin bada, konpromisoa har dadila, gutxienez, udalaren etxebizitza-parkea murrizten duten ekintzak ez errepikatzeko, berriki Cubo kaleko 5 etxebizitzaren salmentarekin gertatu den bezala.
Izan ere, Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «hamarkada baten baino gehiago EAJ-PSE eta PSE-EAJko gobernuek etxebizitza parkea mantendu edo handitzeko inbertsiorik egin ez izanaren ondorioak ikusten ari gara. Eta orain gure parkea ez dauka erantzunik emateko gaitasuna. Eta, hori jada larria bada, guztiz onartezina da egungo testuinguruan udal-gobernuak Cubo kalean Udalaren 5 etxebizitza saldu izana jabe handi bati; aste batzuk geroago, auzo berean etxegabetu duten familia bati esateko Udalak ez duela etxebizitzarik eskaintzeko».
Etxebizitza da, gaur egun, biztanleriaren kezka nagusietako bat, hain zuzen ere, etxebizitza eskuratzea zaila delako. Eta orain, beste elementu bat gehitu zaio: etxebizitza bat mantentzeko zailtasuna. Izan ere, dagoeneko ikusten ari dira bloke erreakzionarioak Ezkutu Soziala bertan behera uztearen ondorioak, etxegabetzeei luzamendua ezartzen baitzien. Halaber, etxebizitzari buruzko dekretuak bertan behera uzteak dakartzan ondorioak, tokiko mailan eragina izaten ari direlako.
«Erabaki horiek nabarmen handitu dute gure udalerrian etxegabetzen dituzten familien eta pertsonen kopurua. Eta etxebizitzaren arloko eskumena konkurrentea den arren, Eusko Jaurlaritza ez denean gai etxegabetuak diren pertsonei etxebizitza bat eskaintzeko, erantzukizun guztia Udalari dagokio», ziurtatu du zinegotziak, eta Udalarengan jarri du arreta zuzenean, inbersore pribatu bati udal-jabetzako bost etxebizitza saldu dizkiolako. «Bizitegi-larrialdiko testuinguru batean, pentsaezina da Udalak, etxebizitza propioen kopurua handitu beharrean, hirugarrenei saltzea», errepikatu du.