AKTUALITATEA


| 2019-05-11 14:24:00

EH Bilduko alkategaiak, Miren Larrionek, defendatu du beharrezkoa dela Gasteizen araudi bat prestatzea aforo txikia duten aretoetan kultur jarduerak programatzea errazteko eta sustatzeko, tokiko kultur sorkuntzari bultzada emateko helburuarekin. «Kultura hiri aurreratuen seinale bat da. Kultura sustatzen duten hiriek jendarte askeak eta pentsamendu kritikoa dute», azaldu du.

Sorkuntza da kultur eremu osasuntsu bat izateko lehen oinarria, garratzitsuena, baina aurrera egiteko behar du non antzeztu, abestu, dantzatu edo artelanak erakutsi. EH Bildutik kezka handiz jarraitu dira tabernetan eta aforo txikiko aretoetan musika emanaldiak mugatzeko orain dela gutxi egon diren saiakerak. «Geure apustua kontrakoa da. Kultura bizirik mantentzen dituzten espazio horiek sustatu eta lagundu behar ditugu. Oso pozik gaude musikariek egin duten erreakzioarekin. Ez dira konformatu muga horrekin eta gelditzeko borrokatu dira», alkategaiaren hitzetan.

Pontevedrako Cabos Soltos edo Bartzelonako Espais de Cultura Viva bezalako programetan inspiratuta, EH Bilduk araudi bat adostu nahi du sektore kultural eta artistikoarekin areto txiki hauetan, batzuk hogei urtez halako jarduerak bultzatzen aritu direnak, ikuskizunak programatzen jarraitzea posible egiteko, berme guztiekin. «Udalaren ardura da kultura babestea eta butzatzea. Sortzailerik gabeko hiri bat ez da sekula hiri bizi bat izango».

Larrionek espero du araudiaren bidez udalerriko kultur espazio bizien sarea indartuko dela, eta ateak irekiko zaizkiola aretoen eta udalaren arteko lankidetza estuago bati. Halako jarduerak programatzea errazte aldera, laguntza programa bat sortuko da, bereziki tokiko sortzaile eta artistei espazioa eta aukerak bermatzeko balioko duena. Programaren baldintzak eta oinarriak onartuko lirateke sektorearekin eztabaida prozesu bati ekin ondoren, baina emakumeen sorkuntzaren ikusgarritasuna handitzea eta auzoetara hedatzea dira helburuetako batzuk.

Pentsiodunen borroka

Lehenago, EH Bilduk pentsiodunek antolatutako manifestazioan parte hartu du, Gasteizen. Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak, Kike Fernandez de Pinedok, pentsiodunek bizitza duin baten defentsan egindako lana eta borroka txalotu ditu. Ildo horretan, gogoratu du EH Bilduk, pentsiodunek aldarrikatzen duten bezala, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa defendatzen duela, baita ere sistema hori publikoa izatea, finantaketa nahikoarekin.

Bestalde, EH Bilduk Azazetan aurkeztu du datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako Arraia-Maeztuko hautagaitza. Ruth Ibisate alkategaiak azpimarratu du «talde prestatua dela, gogotsu eta ilusioz beterikoa eta adin zein herri ezberdinetako gizon eta emakumeek osatuta».

«Arraia-Maeztu aldatzen ari da eta gure helburua da aldaketa hori eremu instituzionalera eramatea. Beste modu batean kudeatu daiteke, erakundeak zabalduz eta parte-hartzea sustatuz, hau da, Arraia-Maeztuko pertsona guztientzako gobernatzea», nabarmendu du. Arraia-Maezturako EH Bilduk dituen proiektuen artean aipatu ditu etxebizitza plan integrala, TeleKlubeko etorkizuna definitzeko prozesu partehartzailea, lehen sektorerako plan estrategikoa, udaletxe zaharraren erreforma Gazte Kluba hartzeko eta emakumeen etxea.