AKTUALITATEA


| 2019-06-15 12:22:00

EH Bilduk joan den maiatzaren 26ko hauteskundeetan lortu zituen sei zinegotziek hautetsi modura dagozkien karguak bereganatu dituzte gaur, udal berria osatzeko saioan. Kargua agintzeko honako formula erabili dute seirek: «Legeak hala behartuta eta Euskal Herriko Errepublika aldarrikatu arte, hitza ematen dut». Ordezkaritza honekin, EH Bildu udalerriko oposizioko lehen indarra izango da.

Zerrendaburu eta alkategai Miren Larrionek jarraituko du udal taldeko bozeramaile lanetan, eta Felix Gonzalez izango da eledun ordezkoa. Karguan jarraituko du Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak, halaber. Taldeak hiru kide berri izango ditu: Rocio Vitero, Alberto Porras ‘Titos’, eta Amancay Villalba. Ordezkaritza politikoan kargu bat izango duten lehen aldia da.

EH Bilduk 24.500 boto baino gehiago lortu zituen maiatzaren 26ko hauteskundeetan, sekula baino gehiago, eta oinarri horrekin jarraituko du koalizioak eraikitzen hiriarentzako alternatiba aurrerakoi eta ireki bat. Alternatiba izateko borondate hori azpimarratzeko asmoz, koalizioak Larrionen hautagaitza aurkeztu du alkatea aukeratzeko gaur goizean egin den bozketan, eta hura babestu du. «Beste eredu bat posible da, eta lan egingo dugu egunez egun posible egiteko», adierazi du.