AKTUALITATEA


| 2019-10-29 13:28:00

Gaur ospatzen den Azar Jokorik Gabeko Nazioarteko Eguna dela eta, EH Bilduk berriro jarri du gaia mahai gainean; izan ere, duela urtebete, 2018ko azaroan, udalbatzak mota horretako lokalen inguruko hainbat konpromiso onartu zituen eta, hala ere, lokalen irekiera eta erabilerak ugaritzen jarraitzen dute.

2018ko azaroan, udalbatzak erabaki zuen gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egitea, EAEko jokoaren araudi orokorrean apustu-lokal berriak irekitzeko muga bat sartzeko, hauen eta joko-aretoen arteko distantziak adieraziz, […], eta ikastetxeekiko distantziak eta eremu aseen karakterizazioa txertatzeko". Era berean, osoko bilkurak erabaki zuen Udaltzaingoaren prestakuntza indartzea, areto hauetan adingabeen sarbidean eta jokorako sarbidea legez mugatuta duten pertsonen kasuak bereziki landuz. Horrez gain, ludopatiaren aurkako sentsibilizazio kanpainak egitea ere adostu zen.

Hala ere, Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak kritikatu duenez, "Urtebete igaro da puntu horiek onartu zirenetik, eta, hala ere, ez dugu ikusten egoerak hobera egingo duenik, ezta Urtaranen gobernua hirian joko eta apustu aretoen ugaritzea mugatzeko neurriak hartzen ari denik ere".

Horregatik, EH Bilduk udal gobernuari eskatzen dio hitzartutakoa bete dezala, neurriak har ditzala eta, EH Bilduren ekimenez Iruñean egiten ari den bezala, hemen ere luzapen bat aplika dadila joko eta apustu aretoen irekiera geldiarazteko. Euskal Herrian ez ezik, Bartzelonan ere ari dira neurriak hartzen, ausazko jokoen establezimenduak, apustu-aretoak, bingoak edo kasinoak irekitzeko baimenen onarpena bertan behera utziz, bai eta haietan irekitze- edo handitze-lanak egiteko baimenak ere. Bi kasuetan, hiria blindatzea bilatzen da, eta herritarrak ludopatia den osasun-arazo larri honetatik babestea, bizitzak hipotekatzea baino ez dakarrelako.


EH Bilduk ezinbestekoa ikusten du presaz jardutea, eta horregatik ohartarazi du gobernuri kontrol-neurri batzuk jarriko dizkiola, establezimendu horiek mugatzeari buruz adostutako puntuen betetze-maila ezagutzeko. Lopez de Aberasturik galdera sorta bat aurkeztu du, gobernuari eskatzeko duela urtebete Udalbatzak adostutako neurrien betetze-mailaren berri emateko.