AKTUALITATEA


| 2024-07-23 09:13:00

“Beharrezkoa da ordutegiak zabaltzea gure hiriko jaien errealitatera egokitzeko, espazio honek bere helburua bete dezan”, adierazi du Rocio Viterok

EH Bildu Gasteiz Udal Taldeak indarkeria matxistari aurre egiteko informazio gune bakarraren ordutegia luzatzea eskatu du, hiriko jaietako ordutegietara egokitzeko.

Abuztuaren 3tik 9ra, Andre Maria Zuriaren jaiak direla eta, informazio gune bakarra egongo da indarkeria matxista prebenitu eta hari aurre egiteko. Gune horrek informazioa, jarduteko moduari buruzko orientabideak eta materialen zabalkundea emateaz gain, gune segurua eta lagungarria da balizko erasoen aurrean.

Hala ere, Correosen ondoan egongo den informazio-gune bakar hori jaiegunetan soilik egongo da irekita 4 orduz, eta 23:00etan itxiko da, abuztuaren 4an izan ezik, egun hori izango baita 23:00etan itxiko den egun bakarra.

Gasteizko Udalak indarkeria matxista prebenitzeko hainbat kanpaina ditu, hiri berdinzaleagoa eta aniztasuna eta askatasuna errespetatuko dituena lortzeko. Horretarako, kaleak pertsona guztientzako gune segurua izan daitezen bultzatu behar da. “Gure hirian jaiak hasteko egun gutxi falta direnean, gerta daitezkeen indarkeria matxistako egoerei erantzuteko tresna posible guztiak gaitu behar dira”, adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak.

“EH Bildu Gasteiztik uste dugu informazio ordutegi hau ez dela nahikoa indarkeria matxistari aurre egiteko, eta ez datorrela bat gure hiriko jaien errealitatearekin, emakumeek eta beste kolektibo batzuek arreta puntu bat behar izatekotan. Horren adibide garbia da auzoetako jaietan arreta-ordutegia zabalagoa zela, 01:00ak arte”.

Jai-egunetako indarkeria- edo eraso-egoerak gauean gertatzen dira nagusiki, eta, beraz, “gure ustez, arreta-ordutegiak zabaldu egin behar dira, eta estaldura handiagoa eskaini, programatutako aisialdi-jarduerak amaitu ondoren edo etxera itzultzen deneko ordutegiak kontuan hartuz”.

Izan ere, joan den astean, Gobernu Taldeak “estrategiaren jarduerak zabaltzea” iragarri zuen, “bai espazioetan, bai presentzia-egunetan eta –orduetan”, baina bi egun geroago, ez da arreta handitu, eta 22:00etan amaituko da.

“Hori dela eta, EH Bilduk Etxebarria Kabineteari eskatzen dio puntu horietako arreta-ordutegiak luzatzeko jaietako errealitatera egokitzeko”, amaitu du Rocio Viterok.