Udal-gobernuak EH Bildurekin adostu duen aurrekontu-hitzarmenari esker, sareko 15. jantokia zabalduko dute Sansomendin, eta Aranakoa handitu
Vitoria-Gasteizko Udaleko Gizarte Politika Sailak adinekoentzako 70 jantoki-plaza berri egokituko ditu datozen hilabeteetan. Udal-gobernuak (PSE eta EAJ) EH Bildurekin adostu duen aurrekontu-hitzarmenari esker, jantoki berri bat zabaldu ahal izango da Sansomendin eta Aranan espazio handiagoa egokituko dute jankide gehiago hartzeko.
Sansomendiko proiektuan, jantoki bat egokituko dute auzoko BIZANean, egun ez baitu zerbitzu hori. Zerbitzu berriak 50 plazako edukiera izango du. Horretarako, officea erreformatu beharko da, San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integraleko sukalde nagusitik datozen jakiei azken ukitua eman ahal izateko. Proiektua 33.518 € euroan dago baloratuta eta igeltserotzako, arotzeriako, iturgintzako eta saneamenduko lanak egiteko eta lurrunak erauzteko sistema instalatzeko hilabete beharko da. Halaber, ia 10.000 € inbertituko dira altzaritan, makinetan eta sukalderako tresnerian.
Horrez gain, jantokia egokitzeko, ekipamendu guztiaren sistema elektrikoa berritu beharko da (96.000 € gutxi gorabehera) eta, hortaz, zentroa itxi beharko da bi hilabetez. Eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko, bi lanak udan egitea aurreikusten da, abuztuan oporrengatik itxi egiten delako. Obrak gehiago luzatuko direnez, inguruko lokal batean jarduerak egin ahal izatea aztertzen ari dira. Guztira, ia 140.000 €-ko kostua izango du.
Bestalde, BIZAN Arana proiektuaren helburua da egungo 50 plazatik 70era handitzea. Horretarako, obrak egin behar dira egungo officean, mahaikide gehiago hartu ahal izateko. Hortaz, edukiera handiagoa duten etxetresna elektrikoak erosi beharko dira (hozkailua, labea eta lurrunak erauzteko sistema), altzari batzuk aldatu eta iturgintzako, saneamenduko, arotzeriako, igeltserotzako eta pinturako obra txikiak egin. Obrak, altzariak, makinak, sukalderako tresnak eta itxita dagoen egunetarako janariaren hornikuntzak ordaintzeko 83.000 €-ko inbertsioa egingo da Aranako BIZANean.
Obrak lizitatu dira dagoeneko eta aurreikuspena da 2025eko hasieran hastea. Obrek dirauten bi edo hiru asteetan jantokia itxita egongo denez, egungo erabiltzaileek jantoki-sistema alternatiboa izango dute.
Zaintzak
Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziak hau nabarmendu du: «Udaleko gizarte-zerbitzuetatik urteak daramatzagu BIZAN sarean adinekoentzako jantoki-zerbitzua eskaintzeko apustua egiten, otordu oso eta osasuntsua izan dezaten harremanak izateko ingurune atseginean”. Gertuko zerbitzua da eta adineko pertsonek oso modu positiboan baloratzen dute, auzoko ohiko ingurunean geratzeko aukera ematen baitie».
Bestalde, Rocio Víterok, EH Bilduko bozeramaileak, hau adierazi du: «Bizi-itxaropena handitzen ari den gizarte batean, funtsezkoa da adinekoentzako zaintza-zerbitzuak indartzea. Alde horretatik, erakundeek erantzukizunez jokatu behar dugu egoera ahulean dauden pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea bermatuz. Horretarako, gure helburuetako bat auzoko jantokien hedapena burutzea da, guztietan sukalde propioa jarriz, eguneroko eskaeretan eraginkorra izateko eta plazen kudeaketa arina eta erraza izateko».
742 plaza eta 200.000 otordu inguru urtean
Adinekoentzako Udal Zerbitzuaren jantokiak 14 dira; horietako 11 BIZAN zentroetan daude eta beste 3ak adinekoen arretarako beste udal-espazio batzuetan. Sansomendikoa 15.a izango da. Jantoki horietan otordu osoa eta ikuspegi nutrizionaletik egokia eskaintzen da, eta erabiltzaileen harreman sozialak sustatzen dira aldi berean. 60 urte gehiago dituzten eta elikadura egokia izateko arazoak dituzten adinekoak dira hartzaileak, izan familiaren laguntzarik ez dutelako, bakarrik edo sozialki isolatuta daudelako, mendekotasun-arriskua dutelako, 1. mailako mendekotasuna dutelako edo arazo ekonomikoak edo bestelakoak dituztelako. Gainera, laguntzarik gabe jateko gai izan behar dute.
2023an, 688 plaza eskaintzen ziren eta urte amaieran 750 erabiltzaile zenbatu ziren. Guztira, 183.020 otordu eskaini ziren guztira une horretan zeuden 13 jantokietan. Egun, Gizarte Politika Sailak 742 plaza eskaintzen ditu 14 jantokitan.
2025ean, Gizarte Politika Sailak BIZAN sareko jantokiak kudeatzeko kontratua handituko du, otorduak zerbitzatzeaz arduratzen diren garbitzaileak-zerbitzariak kontratatzeko. Gainera, San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integraleko sukaldean egunero prestatzen diren menuen kopurua handitu egingo da jantokietako plaza kopuruen igoerari erantzuteko.