AKTUALITATEA


| 2024-11-04 11:12:00

Udal-gobernuak EH Bildurekin hitzartu duen aurrekontu-akordioari esker aurrera eramandako ekimen honek 100.000 euro izango ditu

Gasteizko Udalak 'Hazitegi Komertziala’ programa jarri du abian. Horri esker, Arabako hiriburuko ekintzaileek beren saltokia baldintza oso onuragarrietan ezarri ahal izateko lokalak eskuratzeko aukera izango dute. 

Lehenengo fasean, merkataritzaren sektorean ekin nahi duten pertsonen eskura jarriko dira Hedegile kaleko 38. eta 40. zenbakietan dauden bi lokal. Horren aurretik, ordea, edozein jarduera komertzial jarri ahal izateko moduan egokitu eta ekipatuko dituzte. Alderdi teknikoak osatu ondoren, deialdi batek ezarriko ditu interesdunek bete beharreko baldintzak.

Maria Nanclares Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak parte hartu dute proiektu berria aurkezteko prentsaurrekoan.

Nanclaresek nabarmendu duenez, “merkataritzaren sektoreko enpresen hazitegia proiektu pilotu berritzailea eta integrala da eta, horren bidez, kalean bertan dauden lokalak berraktibatuko ditugu, gure hiriko ekintzaileek merkataritza-erabilera eman diezaieten”.

Aitziber Salazarrek, bestalde, honako hau adierazi du: «hazitegi honen helburua Gasteizko merkataritza-egitura biziberritzea eta saltoki berriak irekitzea bultzatzea izango da; izan ere, lehen hilabeteen ondoren, saltoki batek bere jarduerarekin aurrera jarraitzeko aukerak handitu egiten dira erraztasun egokiak eskainiz gero».

Gune horietarako sarbidea dutenek negozio-ideia probatu eta esperientzia hartu ahal izango dute. Era berean, lokaletako erabiltzaileek in situ aholkularitza izango dute jarduera berriaren lehen urratsetan laguntzeko.

Programa Gasteizko Udalaren Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak garatzen duen merkataritza-lokalak dinamizatzeko programaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jasotzen du.

Gaur aurkeztutako ekintzaz gain, proiektuak beste hainbat ere jasotzen ditu. Horietako beste bat da 200.000 euroko zuzeneko laguntzen lerroa eta horren helburua izango da Alde Zaharrean eta Zabalgunean lokalak errentan hartzeko laguntza ematea. Horren bidez, ekintzaileei laguntza eman nahi zaie lokal komertzial baterako sarbidea izateko garaian eta horrek ere EH Bilduren aurrekontu-laguntza jaso du.