AKTUALITATEA


| 2019-05-23 13:33:00

EH Bilduko alkategai Miren Larrionek agerraldia egin du gaur, koalizioak herrialdeko erakunde ezberdinetara aurkeztu dituen hainbat emakume hautagairekin: Gasteiz, udalak edo Batzar Nagusiak. Larrionek Gasteizko lehen emakume alkatea izan nahi du igandean, eta ziurtatu du «garaipen kolektiboa» zatekeela «emakume aurrerakoi eta feminista bat alkate izatea», Hautagaiaren ustez, «emakumeen botoa erabakigarria izango da geurea hautagaitza Gasteizen lehen indarra izatea lortzeko».

Larrionek txalotu ditu amaitzen ari den legealdian ordezkaritza instituzionala izan duten EH Bilduko emakumeak, eta baita ere orain urratsa eman eta euren burua aurkeztu dutenek izandako borondatea: «Gasteizko eta Arabako pertsonen bizimodua hobetzen lagun dezakegula sinetsita eman dugu pausua, herriz herri».

Alkategaiak gogoratu du EH Bilduren konpromisoa hasieratik izan dela emakumeek herrialdeko ardura instituzional gorenak lortzeko aukera izatea, alderdi guztietan gertatzen ez den zerbait. «Zoritxarrez, oraindik ere badira herrialde honetan alderdi batzuetako zenbait arduradun, denak gizonak noski, uste dutenak emakumeok ez dugula merezi herrialdeko boteregune nagusiak gobernatzeko aukera izatea, eta, aukera baldin badugu, gizonen asmoen menpe dela», gaitzetsi du. «Hemen gaudenok argi dugu: prestakuntza osoa dugu geure burua aurkeztu dugun ardura instituzionalak betetzeko, batzuei molestatu arren», nabarmendu du jarraian.

Larrionek aldarrikatu ditu Gasteizerako proposatzen duen eredu aurrerakoi eta irekiaren baloreak, Araba osora heda daitezkeenak. «Ezberdinen arteko entzutea, eraikuntza kolektiboa, konplizitateak eta aliantzak jostea, zintzotasuna eta lidergo eredu berri bat. Entzuten dakien lidergo bat, eta, aldi berean, argi duena nora jo nahi duen. Lidergo eroso bat, ziurtasunak eta norabide argia eskaintzen dituena».