EH Bildu Gasteizko bozeramailea Miren Larrionek "Gasteizentzako benetako aukera diren proposamen anitz” aurkeztu ditu, “Gasteizen zerga-sistema justu, ekitatibo, errealista eta orekatua eskaintzeko aukera dugu hau, gasteiztarron eskubide ekonomiko eta sozialak bermatuko dituena.
Ekitatearen aldeko apustua da EH Bilduk duen oinarrizko baldintza eta horregatik %2,5ean ezarri nahi ditu Ekonomi Jardueren gaineko Zerga eta Zaborren Bilketagatik ordaindu beharreko Tasa, hori izango baita pertsonen eta enpresen berdinketa ekarriko duen bidea. %2,5a ez da baina, edonola ateratakoa, izan ere, gobernuak planteatzen duen Zergen %4aren eta Tasen %1aren arteko batez bestekoa da. Gauzak horrela, udal gobernuak bilatzen dituen diru-sarrerak bermatuta egongo dira baina pertsonen ahalegina gutxituz eta enpresena arinki igoz.
Zergei dagokienez, eta, zehazki, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, EH Bilduk bere nahia mantendu eta berriro ere eskatu du 1.080 euro baino gutxiago kobratzen duten pentsionistek ezin dutela OHZagatik 100 euro baino gehiago ordaindu. Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak uste du “OHZean, oraindik ere, hobetzeko ahalmena dagoela. Horregatik, eta rlo honetan ere, “etxebizitza hutsengatik” Foru Araudian jasota dagoen %50eko gainordaina aplikatzea eskatzen du koalizioak. Hala ere, “borondatezko” eta “zirkunstantzialen” arteko alderaketa egiten du, ez baita berdina nahita etxebizitza hutsik duenaren egoera edo, adibidez, nagusien-egoitza baten dagoen pertsonaren pisu hutsa.
Euskal Herria Bilduk gainera, tasa berri bat sortu nahi du: elektriken eta gasaren multinazionalen Aprobetxamendu Bereziarena. Larrionek dioenez, “diru-sarrerak galtzen ari gara, gero eta gehiago ari delako atzeratzen tasaren ezarketa. Gainera, tasa hau martxan dago jada beste herrialde batzuetan”.
Koalizio independentistak krisi klimatiko eta feministari aurre egingo dion zerga-sistema errealista bat erreklamatu du. Hori dela eta, hainbat proposamen egin ditu, hala nola, datorren Gasteizko Udalbatzan aurkeztuko duena eta erronka fiskalei genero perspektiba batetik erantzun nahi diona delarik. Udal gobernuak gai honetan eskatzen duen sentsibilitatea baino, guk erantzukizuna eskatzen dugu.
Zerga-sistema berdean ere aurrera pausoak eman nahi ditu EH Bilduk eta Larrionek dioenez, “Green den hiri batek, fiskalitate berdea ere behar du izan”. Horregatik Zuhaiztia Babesteko Tasa berri bat proposatu du (jada Vienan martxan dagoena). Honek, zuhaitz bat mozteko aurretik udalari baimena eskatu behar zaiola ezartzen du, eta behin baimen hori izanda, moz daiteke baina, betiere, beste bat landatzeko derrigortasunarekin.
EH Bilduk pertsonen eta enpresen arteko ekitatea bilatzen du. Era berean, gobernuak Zorro Dekretua ez aplikatu izana salatzen du koalizioak, ez baititu Prezio Publikoetara gehitu eta horrek udala bera segurtasun juridiko eza egoeran uzten duelako. Horrez gain, EH Bilduk zerga-sistema orekatu baten aldeko apustua egin nahi du nahiz eta arretaz ibiltzera behartuta ikusten duen bere burua, Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua bildu arte.