AKTUALITATEA


| 2021-05-17 11:24:00

EH Bilduk Zabalganako tranbiaren ikerketa informatibo berriak Jundizko poligonoraino tranbiaren luzapena azter dezan eskatu du gaur, IAT-aren alboraino alegia. 2,7 kilometroko luzapen bat izango da, tarteko bi geldialdi eta linearen amaieran geltoki intermodal bat izango dituena. Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, "Jundizera hedatzeak, lehen aldiz Gasteizen, gaitasun handiko garraio publiko moderno bat gune industrial batera iristea ahalbidetuko luke. 20.000 pertsona baino gehiago joaten dira egunero Jundizko industrialdera lanera, baita jarduera edo kudeaketa puntualak egitera joaten direnak ere. Horiei guztiei kalitatezko garraio publikoa eskaintzeko ordua da".


Lehenengo geltokia biribilgunearen ondoan egongo litzateke, Areatza kalearen amaieran. Geltoki horrek Arabako lantegirik handienari, Mercedes Benz-i, emango lioke zerbitzua, eta herritarrak eraztun berdera eta Zabalganako basora ere hurbilduko lituzke. Bigarren geralekua Lermandabidea eta Zuhatzubidea kaleen elkargunean egon daiteke, industrialdearen barruan, sektore logistikoko enpresak biltzen dituen gunearen ondoan.


Azkenik, linearen amaiera IAT dagoen eremuraino iristea planteatzen da, Lermandabidea eta Jundiz kaleen arteko bidegurutzeraino alegia. Azken geltoki horretarako, EH Bilduren proposamenak geltoki intermodal txiki bat izatea aurreikusten du. Hau da, Jundizko poligonoaren barruan mugitzeko aukera eta garraiobide desberdinak eskaintzea. Geltoki horretan bizikletak eta patinete elektrikoak mailegatzeko zerbitzua eskainiko da. Gainera, autobus elektriko bidezko konexio bat planteatzen da poligonoko gainerako eremuekin konektatzeko.


EH Bilduk mozioa aurkeztuko du datorren udal osoko bilkuran, eta bertan eskatuko du Eusko Jaurlaritzak aukera hori azter dezala eta Zabalganara doan tranbiaren eta hiriaren arteko lotura aztertzeko egingo den informazio-azterketan sar dezatela. Gainera, EH Bilduk ere Eusko Legebiltzarrera eramango du eskaera, legez besteko proposamen baten bitartez aurkeztuko duena.


Hain zuzen ere, gasteiztarrak udalerriko industrialdeetara nola mugitzen diren jakiteko egindako inkestaren lehen emaitzek EH Bilduren proposamen horren garrantzia berresten dute. Oso datu argiak dira: %70ek ibilgailu pribatua erabiltzen dute nagusiki industrialdeetara joateko. Antzeko portzentaje bat garraio publikoa erabiltzeko prest legoke eskaintza egokia balu. Jundizen, gaur egun 22.000 pertsona baino gehiago joaten dira egunero lanera, eta garraio publikoa erabiltzeko prest daudenak %77 dira. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "garraio publikoa erabiltzeko borondatea dago, hori ezartzea da erakundeek eman behar duten erantzuna".