AKTUALITATEA


| 2020-06-19 11:26:00

Gasteizko Udaleko osoko bilkurak Arabako Ateneo Errepublikanoko Emakumeen Taldeak herritar-txandan aurkeztutako mozio bat eztabaidatu du gaur, kale izendegian eta udalerriko espazio publikoen izendapenetan emakumeen presentzia sustatzeko eta indartzeko helburuarekin. EH Bildu proposamenaren alde agertu da, eta elkarlanerako konpromisoa eta asmoa iragarri du, Gasteizen emakumeei eskainitako aipamen eta aitorpenak zabaltze aldera.

Gasteizko kale-izendegiaren aipamen batzuen inguruko eztabaida publikoa irekita dagoenean ere iritsi da proposamena. Hala, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak Gorka Urtaran alkateari dei egin dio martxoaren 17an egindako iragarpena behingoz bete eta Juan Carlos I.aren izena Gasteizko kale-izendegitik kentzeko: "Dagoeneko hiru hilabete igaro dira iragarpenetik. Noiz egin nahi duzu? Etengabe gogorarazten digute kale-izendegiari buruz erabakitzea Alkatetzaren ahalmena dela, eta egin gabe jarraitzen duela. Erabaki hori ezin da gehiago atzeratu".

EH Bilduren ustez, Juan Carlos I.aren aipamena kentzearekin batera, bere emazte den Sofiaren kalea aldatu behar da, modu kontsekuentean jokatzeko. 2012. urtean  osoko bilkurak agindu zuen gobernu-batzarrari eskatzea Juan Carlos I.a etorbidearen eta Reina Sofia erreginaren izenak aldatzeko eta horien ordez Gernika etorbidea eta Durango etorbidea jartzeko. "Udalak iritzia eman du dagoeneko. Denbora gehiegi zain daraman kale-izendegiaren aldaketa emateko behar den gehiengo nahikoa dago. Bada garaia Gasteiztik ustelkeria monarkikoari eskainitako kaleak kentzeko eta emakumeei espazio eta errekonozimendu berriak eskaintzeko. EH Bildu bi helburuak lortzeko ekarpenak egiteko prest dago", azaldu du Viterok.