EH Bilduk mozio bat aurrera ateratzea lortu du Gasteizko Mendien babesa areagotzeko, oposizioko taldeekin egindako mozio baten bidez. EAJk eta PSEk aurka bozkatu dute. Mozio horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio beharrezko izapide guztiak egin ditzala Gasteizko Mendiak Parke Natural izendatzeko, bai inguru horretan indarrean dauden Babes Bereziko Eremuek, bai Babes Bereziko Eremutik kanpo geratu diren ingurumen-balio handiko eremuek, Parke Natural izendapena behar bezala eta merezita lor dezaten.
Hala, EH Bilduko zinegotzi Amancay Villalbak adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu berriro ekin diezaiola lanei, eta eragindako toki-erakundeekin lankidetzan egin dezala, haiek baitira, azken finean, ingurune natural hori mendeetan horrela kontserbatu dutenak, eta, bitartean, eremu horretan eragina izan dezakeen edozein proiektu geldi dadila, bereziki, Eusko Jaurlaritzak berak Azazetan bultzatu duen zentral eolikoa».
Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio koordinatu eta adostu ditzala Gasteizko Mendiak Parke Naturala planifikatzeko (PORN) eta kudeatzeko (PRUG) tresnak CEArekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta tartean diren toki-erakunde guztiekin. Ildo horretan, inplikatutako kontzejuekin eta udalekin berehala bilerak egitea eskatu da, informazioa emateko, negoziatzeko, ekarpenak jasotzeko eta dagozkion hobekuntzak proposatzeko, Arabako gainerako parke naturaletan deklaratu aurretik egin den bezala.