AKTUALITATEA


| 2022-06-15 10:49:00

EH Bilduk salatu du, egun, udalak ez dituela hezkuntza ez arautuko zentroetan erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzen, izan ere, ikasleek ezin dituzte ikasgaiak haiek nahiko luketen hizkuntzan jaso. Horregatik, EH Bilduk Udalaren zentro horietan euskararen eskaintza berma dadin exijituko du datorren osoko bilkurara (ekainak 17) eramango duen mozioaren bitartez.
 

«Zoritxarrez, gaur gaurkoz, Udal Musika Eskolan zein Udal Dantza Kontserbatorioan eskaintzen diren ikasgaietako asko ez dago euskaraz egiteko aukerarik; ezta haur edo nerabeei zuzendutakoak direnean. Baina, ez hori bakarrik, matrikula egiterakoan ez da euskaraz edo gaztelaniaz hautatzeko aukera eskaintzen; eta, beraz, ezin da jakin zenbateko eskaria dagoen ikasgaiak euskaraz egiteko», adierazi du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak. Era berean, salatu du: «egoera honetan gasteiztarron hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen ari eta onartezina da».

 

Egoera horren aurrean, eskaria ezagutze aldera, Udal Musika Eskolan eta Udal Dantza Kontserbatorioan matrikula egiterakoan ikasleei galdetzea ikasgaiak euskaraz edo gaztelaniaz jaso nahi diren eskatuko du EH Bilduk ostiraleko udalbatzan. Bide horretan ere, eta ikasleen hizkuntza eskubideak bermatzea aldera, ikasgaiak euskaraz eskaintzeko helburua izango duen plan bat onartzea eskatuko du.

 

Horrekin batera, antzeko egoera bat ematen da Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan. Izan ere, nahiz eta azken hau ez den udalaren eskola bat, udalak zein diputazioak urtero diru kopuru handiak bideratzen dituzte eskola hori finantzatzeko eta hura kudeatzen duen fundazioaren parte dira bi instituzioak. Hori dela eta, udalak Arte eta Lanbide Eskolako fundazioan dituen ordezkarien bitartez, ikasgaiak euskaraz eskaintzeko helburua izango duen euskara plan bat osatzea eskatuko du EH Bilduk osoko bilkuran.