EH Bilduk osasun zentro berri bat martxan jartzearen aldeko eskaera soziala eta politikoa Osasun Sailari eta Osakidetzari helarazteko eskatu dio Udal Gobernuari. EH Bilduk eskatutakoaren helburua Olarizuko egungo Osasun Zentroa ordezkatzea eta, horrela, espazioaren ezintasunak eragindako eta zentroko ia 17.000 erabiltzaileek pairatzen dituzten arazoak konpontzea da.
2022an, EH Bilduk akordioa lortu zuen PSErekin eta EAJrekin, «Osakidetzari eskatzeko azter ditzala Gasteizko hegoaldeko asistentzia-beharrak, gaur egungoak eta etorkizunekoak, azterketa diagnostiko baten bidez». Akordio horrek, Olarizuko egungo osasun-zentroaren saturazioa eta ezintasuna jasotzen zituen, eta, beraz, «neurri bereziak hartzea eta egungo instalazioak handitzea edo birkokatzea» ere baloratzen zuen. 2024an, 2 urte geroago, aurreko sailburuak EH Bilduren galderari erantzunez onartu zuen bezala, Osakidetzak ez zuen urratsik egin, ezta azterketarik egin ere. Duela gutxi, akordiotik 3 urtera, EH Bilduk berriro ere Eusko Legebiltzarrean galdetu eta gero, Alberto Martinez egungo Osasun sailburuak argi eta garbi onartu du ez duela ezertxo ere egin eta ez duela horretarako asmorik; izan ere, bere erantzunen arabera, «egungo espazioak beharrak betetzen ditu eta ez dira birkokapenak baloratu». EH Bildu kezkatuta agertu da jarrera horrekin, gehiengoaren jarrera sozial eta politikoaren aurkakoa delako.
Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, «Olarizuko Osasun Zentroa erabat gainezka dago: ia 17.000 pertsona artatzen ditu eta laster gehiago izango dira Goikolarra auzo berriaren ondorioz. Funtsezkoa da osasun-sistemak gizartearen eskaerei erantzutea, eta kasu honetan argi dago herritarrek espazio berri bat eskatzen dutela». Era berean, gehitu du «65 urtetik gorako 5.600 pertsonen eta gaitz kronikoak dituzten 3.500 pertsonen arreta, pediatriako eskaeren igoerarekin batera, instalazioak handitzea premia bihurtu du».
Halaber, EH Bilduk nabarmendu nahi izan du erabiltzaileen pertzepzioa, urteetan zehar eskaera egin ondoren, gogaituta dagoela; batez ere kontuan hartuta osasun-zentro berria martxan jartzeko lursail egokiak eta adostasun politikoa daudela.