AKTUALITATEA


| 2022-07-26 10:50:00

EH Bilduk «onartezintzat» jo du Urtarango gobernuak TUVISAn Gasteizen erroldatuta ez dauden 12 urtetik beherakoei garraio publikoa erabiltzeko doakotasuna ukatzeko bultzatutako diskriminazioa. Horregatik, koalizioak txosten juridiko bat eskatu dio Osoko Bilkurako idazkari nagusiari, argitzeko neurri hori Gasteizen erroldatuta dauden pertsonei soilik murriztea diskriminaziorik ezaren eta/edo berdintasunaren arloan indarrean dagoen legediaren aurkakoa den ala ez.

«Nazioarteko testuingurutik eratorritako zailtasun ekonomikoak eta ingurumena zaintzeko neurriak ezartzeko beharra, gobernuak neurri diskriminatzailea oinarritu duena, ez dira soilik gasteiztarrentzat. Beraz, zer zentzu du mugak? Urtaranen gobernuak bultzatutako diskriminazio hori oso larria da, eta aurrekari oso arriskutsua da», adierazi du Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak.

Gainera, baldintza hori atzerapauso bat izango da; izan ere, orain arte, bai TUVISAn bai tranbian, 5 eta 6 urtetik beherako haurrentzat, hurrenez hurren, doakotasuna unibertsala zen, erroldatuta zeuden lekua edozein izanda ere.

Tuvisak 12 urtetik beherakoei egiten dizkien bidaietan doakotasuna aplikatzeko proposamena EH Bilduk bultzatu zuen, lehenengo Eusko Legebiltzarrean maiatzaren 18an eta gero Gasteizko Udalean. Horrela, EH Bilduren proposamena TUVISA sozietate publikoaren kontseiluari helarazi zitzaion uztailaren 21ean, non EAJ, PSE eta PPren aurkako botoek proposamena aurrera ateratzea eragotzi zuten. Hala ere, kontseilu horretan bertan, Urtaranen gobernuak proposamen bera egin zuen, baina doakotasun hori Gasteizen erroldatutako 12 urtetik beherakoentzat soilik izanda. Bigarren proposamen hori aurrera atera zen EAJ, PSE eta PPren botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.