Vitoria-Gasteizko Udalak 102.855,12 euroraino handituko du nekazaritzaren produkzioaren eta banaketaren sektorean enplegua sortzea sustatzeko laguntza-lerroaren deialdiaren aurrekontuaren zenbatekoa, jasotako eskaera kopuru handiari aurre egin ahal izateko.
Hasiera batean, laguntza horietarako 75.000 euro aurrez ikusi ziren, eta Udalak 27.855,12 euroan handitu du zenbatekoa laguntza horiek jasotzeko eskubidea duten erakunde guztietara iristeko. Laguntza-lerro hau EH Bilduk eta udal-gobernuak sinatutako 2026ko aurrekontu-akordioari esker bideratu da.
Ekaitz Díaz de Garaiok, EH Bilduko zinegotziak, agroekologiari balioa eman nahi izan dio. “Erakundeok sektorearekin batera lan egin behar dugu, hurbileko produktua eta elikagaien outosufizientzia sustatu. Laguntza horien helburua da, hain zuzen ere, sektorean belaunaldi berriak sartzea eta proiektu agroekologikoak bultzatzea”.
“Bigarren deialdi honetan aplikatu ditugun berritasunek oso eragin positiboa izan dute jasotako eskaeren kopuruan. Orain, irabazi-asmorik gabeko elkarteek ere jaso ditzakete laguntza horiek, eta 24.000 eurorainoko dirulaguntza eskuratu ahal izango dute. Horrek interes handia piztu du. Dirulaguntzen lerro honekin, gure helburua nekazaritza-sektorean kalitatezko enplegua sustatzea da”, adierazi du María Nanclares Sustapen Ekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak.
Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 9.000 eurorainoko dirulaguntza ematen du nekazaritza-jarduerak egiten dituzten Gasteizko laneko zentroetan gutxienez 3 hilabeterako pertsonak kontratatzeko, eta 2025eko abenduaren 16tik 2026ko ekainaren 30era bitartean sinatutako kontratuak diruz lagunduko dira (bi datak barne).
Lehentasuna dute beren jarduera eredu ekologikoaren arabera garatzen duten enpresek, eta gehienez ere 3 kontratutarako laguntza jaso ahal izango du enpresa bakoitzak.
Era berean, Udalak 15.000 eurorainoko dirulaguntzak ematen ditu hainbat jardueratarako, hala nola makinak eta lursailak erosteko, instalazioak egokitzeko, aholkularitza emateko, ikerketa-proiektuetarako edo digitalizaziorako, baldin eta produkzio ekologikoaren ereduaren arabera lan egiten badute edo, bestela, eredu konbentzionalaren arabera lan egiten badute, baina birmoldaketa ekologikorako prozesua hasi badute.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek 2025eko abenduaren 16tik 2026ko irailaren 15era bitartean egindakoak izan behar dute.
Itzuli beharrik gabeko eta konkurrentzia sinpleko dirulaguntza horiek bateragarriak dira beste laguntza batzuekin.