AKTUALITATEA


| 2026-10-28 09:11:00

21 Zabalgunea udal-sozietateak Alde Zaharrean gazteentzako alokairuko etxebizitzak sustatzeko programaren oinarriak onartuko ditu ostiral honetako administrazio-kontseiluan, EH Bilduren eta udal-gobernuaren arteko akordioari esker.

Programa hori 21 Zabalguneak sustatzen dituen blokeetan eta udal-sozietateak pixkanaka birgaituko dituen blokeetan oinarrituko da, alokairuaren formularen bidez gazteentzako ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko.

Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “alokairu babestuko programa propio bat da, Alde Zaharrean eraikitzen edo erabat birgaitzen ari diren etxebizitza-blokeak gazteen zerbitzura jartzeko balioko duena. 18 eta 35 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, eta hilean 200 eta 550 euro bitarteko alokairuak izango dituzte, betiere diru-sarreren %30 gainditzen ez badute. Gazteei alokairu eskuragarria eta egonkorra eskainiko dien programa bat da, emantzipatzeko eta bizitza proiektu propio eta independenteei ekiteko aukera emango diena“.

Ekimenaren helburuak honako hauek dira: “etxebizitzen funtzio soziala berreskuratzea, alokairu-erregimenean erabilgarri jarriz; etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea bermatzea, alokairu-formularen bidez; eta programa honen hartzaile diren gazteen diru-sarreren mailara egokitutako alokairu-errenta sustatzea. Horrez gain, auzoko biztanleria gaztetzea ere lortu nahi da”, azaldu du Borja Rodríguez Hiri Eredu, Hirigintza eta Etxebizitzaren zinegotzi eta 21 Zabalguneko presidenteak.

Udal Hirigintza Sozietatearen webgunean argitaratu ondoren, bi hilabeteko epea irekiko da eskatzaileek izena eman dezaten. Epe hori amaituta, batzorde tekniko bat arduratuko da inskripzio bakoitzaren baremazioa egiteaz, eta, 21 Zabalguneko kontseiluak onartu ondoren, zerrenda argitaratuko da baldintzak betetzen dituzten onartutako pertsonekin. Zerrenda horretan eskaera bakoitzak lortutako puntuazioa jasoko da, bizikidetza-unitatearen osaerara egokitzen den etxebizitza mota esleitzeko orduan.

 

Prozeduraren betekizunak

Prozedura publiko honetan parte hartu nahi duten pertsonek edo bizikidetza-unitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko azken egunean:

  • Kideren bat adinez nagusia izatea eta eskaera egiteko unean 36 urte baino gutxiago
  • Bizikidetza-unitateko kideren bat gutxienez 3 urtez Gasteizen erroldatuta
  • Bizikidetza-unitateko pertsonek ezingo dute etxebizitza propioa izan, eta PFEZaren azken zergaldian 820,5 eta 51.282 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak izan beharko dituzte, hau da, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) baino hiru aldiz handiagoak gehienez.

Honako baremazio-irizpide hauek ere jasotzen dira: programako eskatzaileen zerrendan daramaten antzinatasuna, adimen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonen etxebizitza-premia berezia duten kolektiboetako kide izatea, Alde Zaharrean eguneroko lantokia izatea, Alde Zaharrean bertan bizi den odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko lehen mailako senide bat izatea, eta duela 3 urte baino gehiagotik gurasoen etxean, Alde Zaharrean, bizi diren gazteak izatea.

Etxebizitzak esleitzeko, etxebizitzen azalera eta bizikidetza-unitatea osatzen duten kideen kopurua hartuko dira kontuan. Etxebizitzak esleipendunen ohiko etxebizitza iraunkorrerako erabiliko dira, eta alokairu-epea 7 urtekoa izango da gutxienez, eta luzatu egin ahal izango da 29/1994 Legearen 10. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

Bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuen eta esleitutako etxebizitzaren tamainaren arabera zehaztuko da esleipendunek hilero ordaindu beharreko errenta. Zenbateko horiek hilean 200 eurotik (logela bateko etxebizitza baten preziorik baxuena, urtean 12.820,50 eta 17.094 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat) 550 eurora bitartekoak izango dira. Azken kopuru hori urtean 42.736 eta 51.282 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileek ordainduko dute, hiru logelako edo gehiagoko etxebizitza baten truke.

Nolanahi ere, prezioa ez da izango bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarrera gordinen % 30 baino handiagoa, eta pertsonaren batek etxebizitza gisa laguntza publikoak jasotzen baditu, zenbateko hori osorik ordaindu beharreko errentaren parte izan beharko da.