AKTUALITATEA


| 2022-02-07 09:43:00

EH Bilduk gaur erregistratu du Gasteizen Tokiko Merkataritza babestu eta laguntzeko Ordenantza baten proposamena. Duela bi hilabete proposamena argitaratu ondoren, EH Bildk bilerak egin ditu Gasteizko merkataritza sektoreko elkarte eta eragile garrantzitsuenekin. Prozesu horretan, tokiko merkataritzaren ordezkariek ekimenean duten interesa egiaztatu ahal izan dute, baita sektorea indartzeko neurriak hartzen jarraitzeko beharra ere, aurre egin beharreko erronken aurrean. Merkataritza bultzatu eta zaindu beharreko ondasun sozial publiko gisa ere partekatzen da.

«Hasieratik defendatu dugu ordenantza partekatua, adostua eta hobekuntzak eta ekarpenak egiteko irekia izatea, bai merkataritza sektoreko elkarte eta pertsonen aldetik, baita gainerako udal talde politikoen aldetik ere. Gasteizko merkataritzak asko du jokoan, eta ahalik eta tresna onenez hornitu nahi dugu dituen erronkei aurre egiteko», azaldu du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.

Dokumentuak Gasteizko Udaletik merkataritza sektorearen babesa eta bultzada hobetzeko hainbat tresna eguneratu eta martxan jarri nahi ditu. Nabarmentzekoak dira, besteak beste,
Tokiko Merkataritzaren Bulegoaren eta Merkataritza Behatokiaren sorreraren proposamena. Tokiko Merkataritzaren Bulegoa sortzea funtsezko elementua da tokiko merkataritzaren babesa, prestakuntza eta sustapena bideratzeko. Bere eginkizunen artean, hutsik dauden Merkataritzako Lokalen Poltsa sortzea nabarmentzen da, horiek identifikatu eta jardueraz betetzeaz arduratuko dena, eta dendariei udalarekin duten harremanean arreta emateko leihatila izango dena.

Horrekin batera, ordenantza-proposamenak apustu irmoa egiten du elkartegintza sustatzearen alde, merkataritza-sarea indartzeko modu gisa, bereziki hurbilena, eta merkataritzaren eta udalaren arteko eztabaida eta akordio guneak birdefinitzearen eta bultzatzearen alde. Merkataritza ardatz nagusien definizioa, lokal historikoen babesa edo hurbileko merkataritzaren biziraupena ahalbidetzeko belaunaldien arteko txandaketa dira ordenantzak garatzen dituen beste proposamenetako batzuk.

Ordenantza proposamena ofizialki erregistratu ondoren, otsailaren 15eko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Batzordean eztabaidatuko da.