AKTUALITATEA


| 2020-03-27 10:36:00

EH Bilduren ustez, COVID-19k eragindako egungo krisi sozio-sanitarioan lehentasuna horri erantzutea eta aurre egiteko ahalegin guztiak egitea da. Hori dela eta, EH Bilduk krisialdiari buruzko sektorearteko mahai bat martxan jartzea eskatu du.

 

Inoiz baino beharrezkoagoa da diagnostikoak, ekarpenak eta proposamenak partekatzea, eta, horregatik, krisi-mahai horrek lan-esparrua izan behar du etorkizuneko erronkei erantzuna bilatzeko. Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak azpimarratu duenez, "Egoera hau ez da bakarrik korporazioaren arazoa, gizarte osoarena baizik, eta, beraz, beharrezkoa da sektorearteko krisi-mahai bat sortzea, eztabaidatzeko, iritzia emateko, ekarpenak egiteko eta krisi sozio-sanitarioaren ondorioei aurre egiteko neurriak proposatzeko".

 

EH Bilduren ustez, mahai horretan eragileei lekua eman behar zaie, eta mahai hori batzorde tematiko edo sektorialetara zabaltzeko beharra aztertu beharko da kasu bakoitzean eta sektoreka. Krisiaren irteera horretan sortuko diren ondorioei aurre egiteko asmoarekin eta beharrezko neurriak bideratzeari begira, talde politikoek eta, hala badagokio, eragile ekonomiko eta sozialek ere euren lekua izan beharko dute krisi-mahai horretan.

 

Halaber, krisi sozio-sanitarioaren ostean, hiriarentzat kolpe ekonomiko eta sozial nabarmena iritsiko da. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen du EH Bilduk, lehentasunak berrikustea zenbait alderditan, hala nola aurrekontuetan, non, aurreikus daitekeenez, aldaketak egin beharko dira egungo egoeraren ondorio horiei erantzun ahal izateko.