AKTUALITATEA


| 2023-04-24 11:38:00

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak, Unai Fernandez de Betoño alkateordegaiarekin batera, 'Sansomendi 40+' izeneko proposamena aurkeztu du izen bereko auzoaren birgaitze integrala egiteko asmoz. «Sansomendi 40+ aurkezten dugu, etxebizitza, hirigintza, energia, espazio publiko eta gizarte-zerbitzuen arloetan auzoaren birgaitze integrala egiteko. Auzoko bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko du eta beste auzo batzuetarako eredu izango da. Gasteiz gustatzen zaigu, bere auzoak gustatzen zaizkigu, bertako jendea gustatzen zaigu eta haren alde lanean jarraituko dugu. Hori da gasteiztarrekin dugun konpromisoa», dio Rocio Viterok.

Sansomedi duela 40 urte baino gehiago hasitako auzoa da, hirigintzak, etxebizitzak edo mugikortasunak beste lehentasun batzuk zituztenean.
«Lau hamarkadatan oso esku-hartze gutxi egin dira inguru horretan eta diseinua ez da oso erakargarria espazio publikoaz gozatzeko», adierazi du Viterok zeinek azaldu duen proposamena auzo-eragileei eta auzokideei irekita dagoela ekarpenak egiteko.

EH Bilduren proposamen honek 18 esku-hartze eremu ditu, bost arlo handitan bil daitezkeenak. Lehenengoa etxebizitzarena d
a, non etxebizitza-parkea eta energia-eraginkortasuna hobetzearen aldeko apustua egiten den. Bigarren blokea hirigintzarena da, Borinbizkarrarekin lotzen den espazioa, ingurabide zaharraren ondoan, auzoari zerbitzu berriak eskaintzeko. Hirugarrena energia da, non energia-komunitate bat martxan jartzea proposatzen den, eta eraikinetan eguzki-plakak erabilita. Laugarren blokea espazio publikoarena da, eta kaleak eta plazak eraberritzea, baratze komunitarioak sortzea edo bizitegi-eraikinetan patioak birnaturalizatzea du helburu. Eta bosgarren blokea zerbitzu publikoena da: alokairu babestuko eta adinekoentzako etxebizitzak proposatzen ditu, garraio publikoaren eskaintza hobetzea eta eraikin publikoetan esku hartzea.

Unai Fernandez de Betoño alkateordegaiak aurreikusitako jarduerak azaldu ditu, hala nola etxebizitzak birgaitzeko laguntza-plana. Gaur egun, Sansomendi inguruan dauden 8.000 etxebizitzetatik, %60k 40 urte baino gehiago ditu, eta horietatik 3.000 inguruk birgaitze motaren bat behar dutela uste da. Energia-eraginkortasuna hobetzeko, EH Bilduk zaharberritze-plan integralak diseinatzearen eta garatzearen alde egin du, baita auzoan bulego bat irekitzearen alde ere, komunitate eta bizilagunei zerbitzua emateko. Energia-eraginkortasuna
helburu duen birgaitze integraleko proiektu pilotu bat egitea proposatu du, Sansomendiko “etxe gorrien” eraikinean. Proiektu horrek ekarriko lituzkeen hobekuntza energetiko eta ekonomikoak eta horretarako jasoko lituzkeen laguntzak erakustea luke asmoa. Proiektua funts publikoek finantzatuko lukete, eta komuntateekin adostuko litzateke, ziurtatu du Fernandez de Betoñok.

 

Era berean, Oto hiribidearen eta Paula Montal kalearen eraberritzeak nabarmendu ditu. Lehenengo kasuan, EH Bilduk mendebaldeko industriaguneetara bereizitako bidegorri bat sortzea proposatu du, auzoaren jarraipen naturala Ali eta Borinbizkarra aldera proiektatuz. Aparkaleku-plazak galduz gero, Antonio Machado eta Paula Montal inguruko lur gaineko aparkaleku batekin konpentsatuko da. Bi kale horietan, EH Bilduk belaunaldien arteko parke bat sortzea planteatu du, prozesu parte-hartzaile baten bidez eta espazio publikoaren eguneratze integralaren bidez definituko dena, bidegorri bereizi bat ezarriz, eta zebrabideen eta autobus-geltokien kokapena berriz aztertuz.

Parkeetan ere esku-hartzeak egitea proposatu da, zehazki, Sansomendi deiturikoan. Bertan, hiri-
ortuen espazioa, adinekoentzako ariketa-guneak, haur-jolas gehiago, berdeguneen kudeaketa komunitarioko proiektu bat eta bizikletak aire zabalean konpontzeko gune bat jarriko dira. Era berean, Sansomendi Haur Eskolarekin batera haur-parkea berritzea proposatu da, bertako hezkuntza-komunitatearekin batera.

Fernandez de Betoñok egungo eskalextrika eraisteko eta sestrak berrezartzeko plan
a ere azaldu du, Zumarragako Tomas Dohatsuaren eta Oto hiribidearen kaleei jarraipena emanez. Ekimen horri esker, lurzorua birkalifikatu ahalko litzateke ekipamendu- eta bizitegi-eraikinak eraikitzeko. Hirigintzako esku-hartze horri esker, alokairu babestuko etxebizitzak hartzeko espazioa egongo da, etxebizitza kolaboratiboko proiektu bat egiteko aukera aztertuko da, eta etxebizitza komunitarioak eraikitzeko lekua gordeko da adinekoentzat, Fernández de Betoñok adierazi duenez.

Era berean, EH Bilduk zerbitzu publikoak hobetzearen alde egin du, egungo autobus lineen eskaintza hobetuz, tranbia Salburuara sartzetik liberatutako unitateak aprobetxatuz. Gainera, Sansomendiko egungo anbulatorioaren erreforma integrala bultzatuko dugu, eta gabeziak konponezinak direla egiaztatzen bada, ez da baztertzen kokapen berri bat bilatzea, osasun-arreta hobetzeko eta indartzeko aukera emango duena, Fernández de Betoñoren esanetan. Gainera, EH Bilduk auzoan eskola-bide seguruak sortzea, patioak berritzea eta birnaturalizatzea eta, nahi izanez gero, auzoko ikastetxeetan sukalde propioak jartzeko aukera eskatuko du.