AKTUALITATEA


| 2021-06-17 09:49:00

EH Bilduk salatu duenez, EAJk, SHESAren bitartez, aurrera jarraitzen du Armentia-2 gas-putzuaren jarduera lizentzia ukatzeagatik Gasteizko Udalaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoarekin, EH Bilduko kideei udal aholkularitza juridikoko arduradunak ziurtatu bezala.

 

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartu ostean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen sailburuak esan du «zentzurik ez» duela lurpean gasa esploratzen jarraitzeak, baina, egia esan, EAJk, SHESAren bidez, ez du amore eman. «Gauza bat esan eta kontrakoa egiten dute. Esaten zuten ez zutela aurrera jarraituko gasaren esplorazioarekin eta, hala ere, aurrera jarraitzen dute helegitearekin. EAJren enegarren engainua da, eta beste behin ere bere obsesio gasistikoak inposatu nahi dizkio arabarren borondateari. Nahiz eta Tapiak promesak egin, egun Gasteizko Udalak beste lehentasun batzuetara bideratu beharko lituzkeen denbora eta baliabide propioak gai honetarako kontsumitzen jarraitzen du», adierazi du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.

 

Ekainaren 9an, EH Bilduk SHESAk aurkeztutako errekurtsoa aztertzeko eskatu zien alkateari eta udal aholkularitza juridikoari. Baina, bai Urtaranek bai aholkularitza juridikoak ukatu diote udal talde honi aipatutako dokumentua ikustea. Horretarako, aholkularitzak "bere dokumentuen [SHESAren abokatuen] eta egiletza intelektualaren konfidentzialtasuna gordetzeko eskubidea" alegatu du. Hala ere, ezkutatzen duena erabateko gardentasun falta da, eta oposizioari bere lana egitea eragozteko beste ahalegin bat, SHESAren abokatuen defentsarako helegite horretarako sarbidea ukatuz. EH Bilduk hurrengo Klimaren aldeko Ekintza Batzordera eramango du gaia.