AKTUALITATEA


| 2022-01-26 10:19:00

EH Bilduk kezkagarritzat jo du Gasteizko Auztegi batek hartu duen erabakia, Subijanako putzuan gasa bilatzeko SHESA Eusko Jaurlaritzako hidrokarburo sozietateak eskatu zuen lizentziari Gasteizko Udalak emandako ezezkoa bertan behera utzita. EH Bilduk honezkero eskatu dio udalari epaia bere osotasunean jasotzea, auzia sakonean aztertu ahal izateko. Era berean, Gorka Urtaran alkatearen agerraldi eskaera erroldatu du gertatutakoari buruz azalpenak eman ditzan.

 

Epaiaren xehetasun teknikoak ezagutzeko esperoan, EH Bilduk azpimarratu nahi du auzi hau eta Gasteizko ingurunean gasa bilatzeko eta ustiatzeko asmoa bizirik jarraitzearen ardura bakarra EAJri dagokiola. «EAJ tematuta dago behin eta berriro bere gas ametsak inposatzearekin, eta badaki bakarrik geratu dela. Gasteizko eta Arabako herritarren gehiengo handi bat dago proiektuaren aurka. Gasteizen indarrean dagoen araudiak ez du baimentzen. EAJri exijitzen diogu ken dezala lizentzia ukatu izanari jarri zion helegitea, eta proiektua behin betiko bertan behera utz dezala. Nahikoa da herritar guztiona den dirua eta denbora galtzearekin kontu honetan», azaldu du EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramaile Felix Gonzalezek.

 

Horren haritik, EH Bilduk gaitzetsi nahi du udal gobernuak eta Urtaranek auzi guzti honen joanean erakutsi duten epelkeria, PIPS Interes Goreneko Proiektuak udalei inposatzeko Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakiaren aurkako kritikei azaldu dieten beligerantziarekin alderatuta. «PIPS proiektuak udal autonomiaren gainetik inposatzea ontzat jotzen duen Urtaran bera ixilik geratzen da Tapia sailburuak eta Urkulluren gobernuak Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegiteari eusteko duten setakeriaren aurrean. EAJk sortu du arazo hau, eta EAJri dagokio konpontzea», berretsi du Gonzalezek.