AKTUALITATEA


| 2021-05-03 11:11:00

EAJk Jauregilanda inguruan, gaur egun URSSA enpresak hartzen duen lursailean zehazki, burutu nahi duen 'pelotazo' urbanistikoa salatu du EH Bilduk. Gaur egun, hartzekodunen konkurtsoan dagoen URSSA enpresa kokatuta dagoen orube bati lotua da, orain, HAPOren aldaketarekin, EAJk birkalifikatu nahi du. Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, "enpresa honi 40 urtez baimena eman zaio behartuta zegoen lekualdaketa bat ez egiteko. Geroago, bi orubeen inguruko jabetza osoa aitortu zaio. Eta orain, bankuek sekulako negozioa egin ahal izango dute orube horretan. Hau da, EAJ banketxeetara bidaltzen ari den mezua argia da: urrezko meategi baten gainean zaudete".


1976an, Udal Batzorde Iraunkorrak (Tokiko Gobernu Batzarraren baliokidea) akordio bat lortu zuen Gasteizko Udal Aurrezki Kutxarekin eta URSSA enpresarekin, eta bertan jasotzen zen enpresak, gehienez ere hamar urteko epean, Adurtzatik Jundizko lursail batera lekualdatu behar zela. Ordutik, akordioa betearazi duen udal gobernurik ez da izan. 2018an, Urtaranen gobernuak URSSAri Jundizko lursaila behin betiko esleitzea erabaki zuen, baina esleipen hori Adurtzan okupatzen dituen lursailen abandonuarekin baldintzatu gabe. Tokiko Gobernu Batzarraren ebazpenean, gobernuak betetzat jo zuen jatorrizko erabakia, 1.500.000 jasoz, baina lekualdatzeari uko eginez. Orduan, EH Bilduk salatu zuen ezin zitzaiola uko egin 40 urte lehenago inguruarentzat desegokitzat jotzen zen jarduera hori lekualdatzeari, eta, horregatik, berraztertzeko errekurtsoa jarri zuen, gerora errefusatua izan zena.

 

EH Bilduren ustez, "eskandalagarria" da HAPOren oinarrien eztabaidaren atarian horrelako elementu bat sartzea. Ez die inola ere erantzuten ez auzoaren beharrei, ez HAPOren aurrerapenak planteatzen zituen helburuei. "Hemen helburu bakarra orubearen azken jabeek, bankuek, dirutza irabaztea da. Beste era batera esanda, lasai egoteko mezua helarazi zaie bankuei, eta orain etxebizitzak eraiki eta saldu ahal izango dituzte ia baliorik ez duen eta plangintzarekin bat ez datorren orube batean. Lotsagarria da", esan du Gonzalezek, argi utziz EH Bilduk baldintza horietan orube hori birkalifikatzea ez duela inolaz ere babestuko.


Une honetan, Olarizuko URSSA enpresaren industria-orubearen balioa oso baxua da. Ez dago plangintzaren barruan, ez da erakargarria industria-erabilerarako eta, gainera, deskontaminatu egin behar da. Bien bitartean, EAJk eta PSEk urrezko meategi baten gainean daudela esan diete banketxeei. Bankuak beti egon dira birkalifikatzeko eskaera horren atzetik. Are gehiago, une batean, enpresari diru gehiago emateko baldintzatzat jarri zen birkalifikazio hori lortzea, eta horrek enpresari eta hiriari xantaia egitea da.