AKTUALITATEA


| 2020-02-24 13:43:00

Biharko Klimaren Aldeko Ekintza Batzordera eta asteazkeneko Ogasun Batzordera Gardelegiko zabortegian hondakinak kudeatzeko proposamena eramango du EH Bilduk. Horrela, kudeatzaile publikoek hondakinen tratamenduaren benetako kostua jasoko dutela bermatuko duena Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila izan dadila eskatuko du. Izan ere, Arabako Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2017-2030 Planak (2018ko abenduaren 14ko ALHAOn argitaratua) jasotzen duen bezala: "Gaur egun zabortegia erabiltzeagatik aplikatzen diren altako kudeaketa-tasek ez dituzte kubritzen benetako kudeaketa-kostuak".

Gasteizko Udaleko EH Bilduren bozeramaile Miren Larrionen esanetan, "Erdibideko konponbideak bilatu behar dira, hondakinak kudeatzeko krisi honetan elkartasuna ez dadin zama erantsia izan gasteiztarren poltsikoentzat".

Izan ere, udal gobernuak erabili duen "hondakinak hartzeko elkartasun" hori ezin da bihurtu "elkartasun" ekonomikoan, enpresei emandako finantzaketa batean, eta, datuen arabera, 20.000 tonako 1.000.000 eurora suposa dezake. 2020rako onartutako tasak 30,83 eurokotik (igeltsuak dituzten hondakinak) 56,05 eurora doaz (hiri-hodakinak), eta kudeaketaren benetako kostua, berriz, 100 eurora hurbiltzen da.

2018. urtean zehar Zaldibarko zabortegiak 553.797.988 tona hondakin jaso zituen, eta horietatik 352.088 tona har ditzake Gardelegik dagozkion baimenen arabera. Gardelegik 2018an 130.875.380 tona kudeatu zituen zabortegia izanik, erantzun horrek markatuko du 2020an zabortegian hondakinak gehitzeak ekarriko duen ingurumen-presio erantsia.