AKTUALITATEA


| 2022-04-26 11:05:00

EH Bilduk Otazuko udal aterpetxea berriro irekitzea eskatu du, bizimodu osasuntsuak sustatuko dituen eta ingurumen hezkuntza landuko duen gune bihurtzeko. Bere garaian Vasco Navarroak Otazun zuen geltoki zaharra hartzen zuen eraikina da, eta 1993an Gasteizko Udalak txukundu eta gazteentzako aterpetxe bihurtu zuen. Hala ere, 2011n, udal gobernuak, erabiltzaile batzuen jarrera desegokia argudiatuz, espazioa itxi zuen. Hamarkada bat igarota espazioak itxita jarraitzen du, nahiz eta EH Bilduk etengabe berriro irekitzeko eskatu duen.

«Ingurumen-hezkuntzari lotutako zerbitzu publiko bat eskaintzeko aukera ematen duen gunea da, hainbat abantaila eta aukera eskaintzen dituena jarduerak antolatzeko orduan. EH Bilduk aurkeztutako OtazuNatur proposamenak gaurkotasun handia du, Otazuko aterpetxea berreskuratzea eta naturarekin harreman zuzena duten bizimodu osasungarriak sustatuko dituen udal zerbitzu bihurtzea ahalbidetuko lukeelako», adierazi du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak.

EH Bilduren OtazuNatur ekimenak hainbat zerbitzu jasotzen zituen, hala nola, oinez edo bizikletaz egiteko ibilbideak antolatzea, bizikletak alokatzea, ikastaroak eta tailerrak egitea, etab. Era berean, hainbat egunetako edo asteburuko jardueretarako aterpetxe gisa erabiltzeko espazioa berreskuratzearen alde egiten d
u, ikastetxeei, gazteei, partikularrei edo pertsona nagusiei zuzenduta. Ekimen horrek, gainera, EH Bilduk planteatzen zuen bezala, sailen arteko kudeaketa partekatua jaso lezake, baita IGIrekin (CEA) kudeatzeko aukera ere.

EH Bilduk 2017an helarazi zion ekimen hori osoko bilkurari, baina ez zen aurrera atera EAJren eta PSEren aurkako botoengatik, espazio hori berriro irekitzeko proposamen bat egiteko konpromisoa hartzeko aukera ukatu baitzuten.
«Hala ere, bost urte geroago, EAJk eta PSEk ez dute proposamen bakar bat ere egin. Ez dute ezer egin konpromiso hura gauzatzeko, eta Otazuko aterpetxe zaharra hutsik eta erabilerarik gabe dago oraindik. Izan ere, herritarrei espazio hori desfrutatzea ukatzeaz gain, itxita egoteak udal eraikin hori gehiago hondatzea dakar», ziurtatu du Ruiz de Larramendik.

Ekimen horrek hainbat abantaila ditu, esate baterako, berriro irekitzeak ez luke diru asko s
uposatuko, eraikina dagoeneko eraikita eta ekipatuta baitago. 2.000 m2-ko lursail batean dago, Gasteizetik 7km-tara dagoena eta erraz iris daiteke bertara bizikletaz. 18 leku ditu (34ra arte iristeko aukerarekin), 6 dutxa, 3 bainugela, sukaldea, hozkailua, sukaldeko hornidura, erradiadoreak eta 200 voltioko elektrizitatea. Baina, gainera, kudeaketa, programazio eta mantentzera bideratutako lanpostuak sortuko lituzke.