Osasun larrialdia eta alarma egoera indarrean badaude ere, Gasteizko udal gobernuak beste alor batzuetan erabakiak hartzen jarraitu du, epidemiak eragindako egoerarekin zerikusirik ez dutenak. Besteak beste, EAJ eta PSEren taldeak Alde Zaharra Eraberritzeko Plan Berezi Integratuaren (EPBI) moldaketa bat abiatu du, Gobeo eta Landazuri-Gebara Arma-etxean adinekoentzako egoitza pribatu bat eraikitzea baimentzeko helburuarekin. Eraikina Hedegile eta Txikita kaleen gurutzebidean dago, eta ezagunagoa da Arkeologia Museoa izan zelako berria egin aurretik.
EH Bilduk uste du tramitea abiatzeko erabakia «oso ezegokia» dela, hala forman nola edukian. Formari dagokionean, oso zalantzazkoa da uneotan hirigintza aldaketa bat gauzatzea adinekoen egoitza pribatuen eredua hedatzen segitzeari mesede eginez. Egoitza hauek, zoritxarrez, polemikaren erdigunean daude, Covid-19k eragin duen epidemiaren aurrean euren kudeaketan izan den kontrol eta erantzun egokien falta dela-eta. EH Bilduk behin eta berriro eskatu dio Arabako Foru Aldundiari egoitza pribatu horien gaineko kontrola har dezan egoerari aurre egiteko.
«Erresidentzia pribatuek porrot egin dute osasun krisi honetan. Ezin dugu orain arte bezala jarraitu. Kontrol publiko handiagoa eta hurbiltasun gehiago izango dituen eredu bat behar da, non adinekoak egoitzetara bidaltzea ez den izango ez negozio bat ez lehen aukera», adierazi du Rocio Vitero zinegotziak. EH Bilduren aburuz, inoiz baino beharrezkoagoa da herrialde osoan birpentsatzea eta egokitzea zerbitzu sozialen eredua, osasun larrialdiaren ondorioz gabezi guztiak azaleratu direlako.
Udal taldeak, halaber, gaitzesten du gobernuak eztabaidaren mamiari buruz duen jarrera . Orain dela hilabete batzuk, EAJk eta PSEk onartu zuten Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) beste aldaketa bat, horren bidez errazteko Gasteizen erabilera tertziarioa duten orube libre guztietan adinekoentzako egoitza pribatuak eraikitzea eta martxan jartzea. Araudi aldaketaren beharra justifikatzeko, zahartze demografikoaren erronkari aurre egiteko sektore publikoak duen ustezko ezintasuna adierazi dute.
«Hemen zaintza beste edozerren gainetik negozioa egiteko erabili dutenei alfonbra gorria jartzen jarraitu nahi zaie, batez ere emakumeek osatutako lan taldeen baldintza prekarioen gainean eraikita dagoen negozioa. Osasun larrialdiak argi eta garbi erakutsi du halako kudeaketa modu batek dakarren giza kostua», ohartarazi du Viterok.
Rocio Vitero: "Enpresa energetikoen tasa berria urrats berri bat da gehien dutenek zerga gehiago ordain ditzaten. Ez gaitu harritzen Red Eléctricak helegitea jarri izanak eta konpainia handiek euren estatusa mantendu nahi izanak, baina, horregatik zehazki, tasaren defentsan jarraitu behar da. Gasteizek herrialde osorako tasaren defentsaren eredu izan behar du".
Felix Gonzalez: "Gezurra da guk ez dugula eztabaidatu nahi izan, gezurra da ez dugula negoziatu nahi izan, izan ere, guk eskaini diogu akordioa gobernuari. EH Bilduren ustez, mugikortasuna funtsezko elementua da, eta arlo honetan akordioak lortzeko beharraren alde egiten jarraitzen dugu".
Felix Gonzalez: "Udal gobernua prest badago bizikleta mugikortasunean eta segurtasunean inbertsioak egiteko bide orri bat adosteko eta '30 Hiria' martxan jartzeko, ordenantzaren tramitazioan urratsak eman ahal izango ditugu. Urtaranen esku dago zuzentzea eta akordioak lortzea"
Felix Gonzalez: "Aldaketa generikoek edukiz husten dute Plan Orokorra, eta Gasteizko hirigintza antolamendurako tresnak eta aukerak kentzen dituzte. Kezkagarria da EAJk eta PSEk egungo HAPOa ahultzeko duten joera, honen eguneratzea behin eta berriz atzeratzen den bitartean".