AKTUALITATEA


| 2023-05-20 12:57:00

Euskal Herria Bilduk udalerriko gazteen bizibaldintzak hobetzeko neurri dekalogoa aurkeztu du gaur. Neurrien artean ekintzak daude aurreikusita etxebizitzan, enpleguan, garraioan, buru osasunean, aisialdian, edota gazte espazioetan.

Gasteizko alkategai Rocio Viterok nabarmendu du EH Bilduren borondatea gazteen egoera hobetzeko ekintzak babestu eta martxan jartzeko. Hasteko, udal etxebizitza politika indartu beharra azpimarratu du: «Gazteentzako etxebizitza plan batekin batera, hiru ekintza zehatz garatuko ditugu: Bustaldeko 42 etxebizitzak birgaitu, Hedegile kalean etxebizitza komunitario bat martxan jarri, eta Gizarte Segurantzak Posta kalean duen eraikinaren lagapena bilatuko dugu. Guzti horiek Gasteizko gazteei etxebizitza babestutako alokairuan eskaini ahal izateko».

EH Bilduk planteatzen du birmunizipalizatzea, edo, edozein kasutan, lan baldintzak hobetzea gazte gehien lanean dituzten udal jardueretan, hala nola kirol arlokoak, udako kanpaina, edota liburutegiak. Apostu egiten du bizikleta gordailu estaliak doan eskaintzeko, eta gazteen buru osasunerako udal aurrekontua %50 handitzeko. Era berean, gazteentzako espazio berriak sustatuko ditu auzoetan, Otazuko aterpetxea berreskuratuko da, eta urtero Gazte Plaza ekitaldia sortuko du, udalerrian gazte sortzaileek egiten duten lanaren erakusleihoa.

Bestalde, udalerako hautagai Xabier Ruiz de Larramendik ziurtatu du udal politiketan norabide aldaketa beharrezkoa dela. «EH Bildutik aldarrikatzen duguna Gazte Emantzipazioa da. Baina emantzipazioa hizki larriz. Ez gara ari soilik, gurasoen etxetik alde egiteko aukera izateaz. Baizik eta gure bizitzen gaineko erabakitzeko gaitasuna eskuratzeaz ari gara. Gazteok gure bizi proiektuak askatasunean erabaki eta garatu ahal izateko baldintzak eskuratzeaz ari gara. Baldintza ekonomiko zein sozialak, besteak beste». EH Bilduk konpromisoa hartu du gazte politikak emantzipazio beharrarekin lerrokatzeko, EAJren eta PSEren gobernuek agerian utzi duten utzikeriaren aurrean.