AKTUALITATEA


| 2022-11-15 18:45:00

EH Bildu prest agertu da Mercedes-Benz enpresak industria-erabilerarako eskatutako lursailen birkalifikazioaren alde egiteko. Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziaren esanetan, jarrera aldekoa da, kontuan hartuta «egungo lantegiaren garapenak eta handitzeak Gasteizko ehun ekonomikoan izan dezaketen bultzada ekonomikoa, eta autogintzaren sektorea praktika jasangarriagoetara bideratzeko premian, energia fosilen erabilera intentsibotik aldenduz. Gainera, Mercedesen ekoizpen-eredua aldatzea eredugarria izan daiteke udalerriko eta lurralde historikoko beste enpresa batzuentzat».


Enpresak, zehazki, 5b izeneko sektorean, Zabalgana auzoaren eta izen bereko baso eta parkearen artean, kalifikazioa aldatzeko eta parke horren mugaraino zabaltzeko eskatu du. Enpresak eskaera justifikatzen du bere jarduera automobilaren sektorearen egungo joeretara birbideratzeko beharragatik, horiek ibilgailu elektriko, ez-kutsatzaile eta adimendunetara bideratzen baitira.

Gaur egun, 5b sektoreak h
ornidura-partzela handi bat eta beste 5 bizitegi-partzela ditu indarrean dagoen plangintzan; guztira, 1.242 etxebizitza tasatu. 20 hektarea inguruko sektorea da, HAPOn urbanizagarritzat jotzen dena, baina ez dena garatu, ezta urbanizatu ere. EH Bilduk beti defendatu izan du haren desklasifikazioa, ez baitago etxebizitza eskaintza handitzeko beharrik. Eta kasu honetan, gainera, Mariturriko Bulebar kalearen beste aldean etxebizitza eraikitzea kezkagarria izango litzateke, etorkizunean eraikin gehiago eraiki eta lur gehiago okupatuko liratekeelako.

Hala ere, Mercedesen eskaerak esan nahi du eremu horretan finkatutako hiria industria-izaerako ezarpen batekin ixten dela, bizitegi-etxebizitzen eskaintza berriarekin egin beharrean. Neurri batean, egungo egoeraren jarraipena da, kontuan hartuta Mercedesen egungo fabrika 5b sektorearen ondoan eraikitako lurzatian dagoela.

 

Eremu babestuetan eraginik ez izan arren, agerikoa da jarduera horrek argaldu eta murriztu egingo lukeela egonkortutako hiriaren inguruko natura- eta trantsizio-eremua. Jundizetik gertu dagoen eremu honetan, Eraztun Berdearen konektibitatea gutxiago garatu da, eta, horregatik, beharrezkoa da, ingurumenari dagokionez, inguruko lur gehiago berreskuratzea, adibidez, Bengoibaia inguruan, Eroski zaharraren inguruan. Gai hori EH Bildutik bultzatzen ari gara, Eraztun Berdea itxi eta indartzeko beste neurri batzuez gain. «Eskatutako birkalifikazioak ez die inola ere eragiten Eraztun Berdeak Zabalganako basoan babesten dituen lursailei. Hala eta guztiz ere, EH Bilduk Mercedesi eskatzen dio bere egin ditzala Green Capitalen balioak eta ahalik eta txikienak izan daitezela instalazio berriaren ingurumen-eraginak», adierazi du Viterok.

Horregatik guztiagatik, EH Bildu prest dago 5b sektorearen kalifikazio aldaketa hori babesteko, zabaltze planak ahalik eta gehien bizkortzeko. Hala eta guztiz ere, aldaketa hori HAP
O berriaren hasierako onespenarekin lotzeak dakarren arriskuaz ohartarazi du. Izan ere, gaur egun, EAJk eta PSEk ez dute gehiengo nahikorik HAPO berriaren hasierako onarpena aurrera ateratzeko, eta Mercedesen eskaera onarpen horren baldintzapean jartzen saiatzea arduragabekeria da.