AKTUALITATEA


| 2021-04-20 11:29:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du Gasteizko udalbatzan, udalerriko erdigunean merkataritza suspertzeko eta HAPOaren barruan merkataritza antolatzeko. Horrela, Felix Gonzalezek, EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak, esan du beharrezkoa dela udalerriak "erdialderako eta zabalgunerako merkataritza plan bat" izatea. “Merkataritzarako planik ez egoteak berrogeita hamar bat itxiera ekarri ditu azken urteotan. Orain egoera irauli eta bideratu behar da", adierazi du Gonzalezek.


Erdiguneko merkataritza babesteko eta sustatzeko EH Bilduk proposatutako neurrien artean, hainbat muga ezar daitezen eskatuko du. Alde batetik, barne-galeria komertzialen ezarpena mugatzeko eskatuko du, asmo hori bermatuko duten hirigintza-arauen aldaketa baten bitartez. Bestetik, erdialdean elikadurako merkataritza-gune berrien ezarpena mugatzea ere eskatuko du -hirigintzako aldaketen bidez ere- horien ugaritzea geldiarazteko.


"Gure hiriak nolako merkataritza eredua behar duen definitzeko unea da. Tokiko merkataritza bat, estrategikoa. Gasteizko hirigunea dinamizatu behar dugu, kale seguruak eskaini, argiztapena, erreferenteak diren merkataritza espazioak sortu, bestelako merkataritza bat eskaini, eta dena sektorearekin elkarlanean egin, beharrezkoa den babes ekonomikoa ziurtatuz", adierazi du Gasteiz Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak, zeinek, aldi berean, gobernantza eta lidergo publikoaren eredu berri bat eskatu duen, elkarteen eskutik, norabide horretan ekimenak indarrean jartzeko.