AKTUALITATEA


| 2023-05-16 11:47:00

Krisi klimatikoari aurre egiteko asmoz Euskal Herria Bilduk udal eta foru erakundeetatik bultzatuko dituen hainbat neurri aurkeztu ditu gaur. EH Bilduk bere egiten du irizpide ekosozialetan oinarritutako trantsizio bat sustatzeko eta azkartzeko beharra, ekonomia karbonogabetzeko, eta etorkizun jasangarri baterako norabidean.

EH Bilduren Gasteizko alkategai Rocio Viterok azpimarratu du Gasteizek ahal duela eta behar duela izan klima alorrean erreferente bat, eta duela lau urte EH Bildu aitzindaria izan zela, Gasteiz karbonogabetzeko plan bat aurkeztuta. Viterok neurri sorta bat zehaztu du trantsizio energetikoaren erronkari heltzeko: eraikinen birgaitzea energia aurrezteko, garraio publikoaren elektrifikazioa gauzatu, energia garbia sortzeko komunitate energetikoak auzo guztietara zabaldu, euren jarduera berbideratzeko enpresentzako trantsizo energetikoaren plan bat, eta udal energia aholkularitza berriak norbanako, enpresa eta zerbitzuentzat.

EH Bilduk konpromisoa eskaini du energia berriztagarrien zabalpena modu parte-hartzailean planifikatzeko. «Jendaurreko informazio eta eztabaida prozesu baten bidez. Prozesu horretan, eragile interesdun guztiei parte hartzeko gonbita egingo zaie, baita talde politikoei eta herritar guztiei ere, akordio politiko eta sozial ahalik eta zabalena lortze aldera».

Batzar Nagusietarako hautagai Felix Gonzalezek nabarmendu du ingurumenarekin eta biodibertsitatearekin dagoen konpromisoa, Gasteiz eta Araba erdialdea Unescoren Biosferaren Erreserba izan daitezen hautagaitza aurkeztuta. «Arabako Lautadan erreserba batek orain sakabanatuta dauden naturguneak lotu eta balioan jarriko ditu, eta erreserba apartekoa izango litzateke, Gasteiz bezalako tamaina erdiko hiri bat barruan hartuko zukeelako. Gainera, Unescok inoiz Araban egindako lehen aitortza litzateke».