EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek Gasteizko Antzokia proiektuak jasan dituen etengabeko atzerapenak salatu ditu Udaleko Euskara Batzordean. Izan ere, zinegotziak gogorazi duenez, 2022ko urrian Urtaran alkateak eta gobernuko hainbat kidek, bisita bat antolatu zuten Gasteiz Antzokira honen obren amaiera iragartzeko. «PSE-EAJren gobernuak herritarrei azaldu beharko die zergatik ez duen aurrerapausorik eman urte oso batean; zergatik utzi duen alde batera herritarrok babestu dugun eta desio dugun proiektu bat. Norbaitek hartu beharko du bere gain desastre honen ardura», adierazi du Uriartek.
EH Bilduk jakin izan duzuenez, abuztuaren 4tik aurrera Gasteiz Antzokiak jarduera lizentzia dauka, eta, beraz, ordutik Lazarraga elkartekoak lanean egon ahal ziren bertan. Era berean, EH Bilduk jakin ahal izan du, kontzertuak eskaintzea posible dela, koadro-elektriko bat lekuz aldatu beharra dagoela (eta horretan ari direla) baina, berez, posible dela.
«Jarduera lizentziarekin langileak bertan lanean egon ahal badira, zergatik ez daude bertan jada? Segurtasun arazoak baldin badaude, zergatik eman zen jarduera lizentzia abuztuaren 4an? Zergatik ez da ezer egin segurtasun arazoak konpontzeko eta jarduera lizentzia hori gauzatzeko, hau da, jendea lan egiten hasteko? Eta, horrek beste zalantza bat dakar: Lazarraga elkarteak udazkeneko programazioa prest dauka, zergatik ez diezue alternatiba bat eskaini? Zergatik aukeratu duzue gasteiztarrak euskalgintzari lotutako programazio barik uztea? Ez zaio eman lehentasuna. Ez du inolako garrantzirik eduki gobernuaren agendan, ez ditu etxerako lanak egin. Berriro ere diot, urte bat pasa da PSE eta EAJren gobernuak hori guztia egingo zutela esan zutenetik eta ez da egin. Urte bat eta gero, oraindik ez dakigu noiz irekiko den», salatu du Maider Uriartek.
EH Bilduk Gasteizko Antzokiaren proiektua hasiera hasieratik babestu du. Gasteizko euskalgintza elikatzeko eta bultzada emateko proiektu bikaina dela defendatu dugu une oro. Eta gure programan euskararen arloan lehentasuna merezi duten gaien artean kokatu dugu. Berriz ere, gogorarazi beharra dugu Gasteizko herritarren gehiengoak gure programarekin bat egin zuela.
Horrela, Uriartek gogorarazi die: «Gobernuaren esku dago falta diren txostenak aurrera ateratzea. Borondate kontua da, orain arte izan ez duzuena. Zuek zarete gobernua, zuen ardura da egin beharreko guztia egitea jasan dugun atzerapenarekin amaitzeko eta Gasteizko Antzokia irekitzeko erraztasunak jartzeko. Gure taldeak une oro lankidetzan aritzeko prestutasuna erakutsi du, atzerapena ez luzatzeko gure esku dagoen guztia egiteko prest gaudela adierazi dugu beti. Ez duzue laguntza hori baliatu. Ez duzuelako ezer egin. Nahikoa da. Jakin nahi dugu zehazki zer falta den egiteko eta noiz egingo den falta den gauza bakoitza».