Gastehiz toponimoaren lehen agerraldi idatziaren 1.000. urteurrenaren garrantzi sozial eta kulturalari balioa emateko eskatu die EH Bilduk udalbatzei. Era berean, Euskara eta Kultura Zerbitzuei ere eskatu die data hori aprobetxa dezatela, ezagutza sustatzeko eta antolatzen dituzten jarduera eta programazioetan urteurrena txertatzeko. Donemillagako 1.025. urtekoa da terminoa, bertako monasterioari zergak ordaintzen zizkioten 307 herrixken izena jasotzen zuen idazki batean, Gastehiz jasotzen da idatziz lehen aldiz.
Santa Maria katedralean egindako indusketa arkeologikoei esker, badakigu Gasteizko herrixka VII. mendekoa dela. Horrela, bada, Gastehiz terminoak, «gazte» hitzan du jatorria eta 1.000 urte bete ditu 2025 honetan; 1979an ofizializatu zen hirirako, eta gaur egun herritar guztiek maiz eta harro erabiltzen dute.
Maider Uriarte EH Bilduko euskara zinegotziak azpimarratu duenez «Nafarroako Errege Antso VI.-ak forua eman eta Nova Victoria izena eman zion udalerriari, Gastehiz toponimoa jasotzen duen lehen idazkitik 156 urte pasa eta gero. Beraz, Vitoria sortu zenerako Gastehiz izeneko herrixka bat bazegoela esan dezakegu». Era berean, Uriartek azaldu du «erregeak berak utzi zuen idatziz “Nova Victoria esaten zaion hiribildu hau ematen dizuet, bere termino guztiak jendeztatuta dituela (...) Victoria izen berria, lehen Gastehiz deitzen zena” beraz, honek toponimoaren antzinatasuna berretsiko luke».
EH Bilduk azpimarratu nahi izan du beraz, garrantzitsua dela udalerriaren historiaren zati hori ezagutaraztea eta herritarrei jakinaraztea.