EH Bilduk proposamen bat eramango du ostiral honetako osoko bilkurara, TAOren egungo araudia berrikusteko eta, ahalik eta lasterren, Zabalgunean eta Alde Zaharrean bizi diren pertsonek aparkatzeko dituzten aukerak hobetzeko neurriak ezartzeko. Izan ere, 2025eko irailean indarrean sartu zen TAOren erregulazioa aldatu ondoren, nabarmen murriztu dira eremu horretako bizilagunentzako aparkaleku-aukerak (erregulazioan "0 eremua" esaten zaio), auzotarrek beraiek salatu duten bezala Herritarren Postontzian, auzo-elkarteen edo beren auzoetako partaidetza-organoen bidez.
Udaleko datuek auzotarrek salatzen duten zailtasun hori berresten dute. Gaur egun, Gasteizen, 18.208 egoiliar-bereizgarri daude 10.616 TAO plazako inbentario baterako, hau da, plaza bakoitzeko 1,72 bereizgarri. Hala ere, "0 eremua" izeneko zonaldean, hau da, Zabalgunean eta Alde Zaharrean, 1.352 egoiliar-bereizgarri daude, eta eremu horretan bertan, 107 plaza berde eta egoiliarrentzat daude bakarrik. Horrek esan nahi du 0 eremu osoan egoiliarrak aparkatzeko dagoen plaza bakoitzeko 12,6 bereizgarri baimendu direla.
Egia da auzoko biztanleek baimenduta dutela beste eremu batzuetan aparkatzea (1. eremuan, 5 azpieremuetatik 3tan), baina plaza horiek beste auzo batzuekin partekatzen dira, eta, beraz, gidari potentzialen kopurua nabarmen handitzen da.
«EH Bildun mugikortasun eredu jasangarriago baten aldeko apustua egiten dugu, espazio publikoaren erabilera antolatuko duena eta auzoetako bizi kalitatea hobetuko duena. Baina aldaketa horiek auzo horietan bizi direnen eguneroko beharrak ere kontuan hartu behar dituzte, aldaketen ondorioak egoiliar jakin batzuek pairatu ez ditzaten», adierazi du Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak.
Egoera honen aurrean EH Bilduk arazoa konpontzeko neurriak hartzea eskatuko du udal Osoko Bilkuran. Ildo horretan, zinegotziak azaldu du badirela aplikatzeko errazak diren batzuk, hala nola, eremu horretan bizi direnei mugakide diren beste batzuetan aparkatzeko aukera ematea edo egoiliarrentzako plazak handitzeko beharra aztertzea. Horiek guztiek konponbideak ekar litzakete egungo eskariari erantzuteko, baina egia da Euskal Herria Bildu irekita dagoela Zabalgunean eta Alde Zaharrean bizi direnen aparkatzeko aukerak hobetuko dituen beste edozein esku-hartze aztertzeko.