EH Bilduk Udal Gobernuari anbizio handiagoz jokatzeko 2027rako ezarritako euskara helburuei dagokienez eskatu dio; bereziki udal ikastaroei erreparatuz, egungo euskarazko eskaintzaren %36,6tik %40ra pasatzea aurreikusten baitute. Gainera, Maider Uriarte EH Bilduko euskara zinegotziak onartu duenez, %40 asmo gutxiko helburua bada ere, «nekez» lortuko dela azken urteetan emandako atzerapausoak kontuan hartuta.
EH Bilduk adierazi duenez, 2022-2023 ikasturteen datu berdinekin alderatuz gero, euskaraz bakarrik ematen diren ikastaroek 9 puntu egin dute behera, eta gaztelaniaz bakarrik ematen diren ikastaroek 14 puntu egin dute gora. Datu horiek agerian uzten dute, beraz, Gasteiz urrun dagoela euskararen normalizaziorako eta sustapenerako plan erreal batetik, eta eskaintzak ez duela euskararen ezagutzan aurrera egiten duen Gasteiz baten beharrei erantzuten.
Gainera, Maider Uriarte EH Bilduko euskara zinegotziak gaur egungo euskarazko eskaintzaren %36,6an (eskaintza esklusiboa euskaraz eta eskaintza elebiduna bateratzen dituen portzentaia) jarri nahi izan du arreta; izan ere, adierazi duenez, «datu horiek "mozorrotzen" dituen beste faktore bat "jarduera elebiduna" da, izan ere, talde elebidun batean pertsona bakar batek gaztelania aukeratzen badu, ikastaroa automatikoki gaztelaniaz ematen da, eta horrek agerian utziko luke euskaraz emandako ikastaroen benetako ehunekoa are txikiagoa dela». Bestalde, Maider Uriartek nabarmendu duenez, «%36,6 horren barruan adin-tarte guztiak daude, hau da, datu hori nabarmen gizentzen dute txikienei zuzendutako jarduerek, eta horien artean, jakina, euskarazko jarduerak ugariagoak dira».
Azkenik, Uriarte zinegotziak azpimarratu nahi izan du «inola ere ez dela onargarria iradokitzea eskari horiek gaztelaniaren kalterako direla»; euskara ikasteko ikastaroak alde batera utzita, jakina, euskaraz baitira, jardueren %96 gaztelaniaz egin daitezke.