AKTUALITATEA


| 2022-06-07 09:18:00

EH Bilduk eta Elkarrekin Gasteizek batera erregistratu dute Raimundo Ruiz de Escudero mugikortasuneko eta espazio publikoko zinegotziaren agerraldi eskaera. Eskaera egiteko arrazoia, Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Plan berriaren prozedurari buruz zinegotziak azalpenak ematea beharrezkotzat jotzen dutela da. Izan ere, Urtaranen gobernuak Plan berria onartu du –hasierako onarpena–, herritarrei eta talde politikoei parte-hartzea ukatuz, eta prozeduratik kanpo, taldeen ekarpenei ere ez baitie erantzun.

2019an plan berriaren aurrerapena aurkeztu zenetik, eta herritarren eta talde politikoen ekarpenen ondoren, ez da planaren berririk izan. Bi urtez Plana
«kaxoi batean gordeta» egon da, eta gobernuaren interesei erantzuten dieten ekintza puntualak baino ez dituzte ezagutzera eman. Orain, Urtaranen gobernuak, Plan berriaren hasierako onarpena burutu du, baina herritarrei eta talde politikoei erantzun gabe. Urtaranen gobernua ez du plana elkarbanatu, eta ez die plana idazteko prozesuaren berri eman eragile politiko eta sozialei, nahiz eta gai horri buruz askotan galdetu dioten. Egoera horrek agerian utzi du gobernuak interes gutxi duela mugikortasunaren arloan adostasunak berreskuratzeko, iraganean ere izan baitziren eta Urtaranek hautsi egin baitzituen.

Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak salatu duenez,
«Plan berri bat idatzi da taldeen ekarpenei erantzun gabe, eta bi urte daramatzagu erantzunaren zain. Horren berri eman digute Eusko Jaurlaritzari ingurumen-izapideak egin ditzan bidali ondoren; eta beraz, ekarpenak egiteko tarterik gabe».

Era berean, Oskar Fernandez Elkarrekin Podemoseko zinegotziak adierazi duenez,
«Mugikortasun plan hau urteetan kaxoi batean geldirik egon ondoren, orain Urtaranen gobernuak presa handia du dokumentua onartzeko. Lege-aginduak premiatzen du», azpimarratu du Fernandezek, Jasangarritasun Energetikoari Legeari erreperatuz, zeinek ezartzen duen, 5.000 biztanletik gorako udalerriek hiri-mugikortasuneko plan bat izan beharko dute, 2019an araudia onartu zenetik eta bi urteko epean.