AKTUALITATEA


| 2023-01-03 10:48:00

Orain dela gutxi abian jarri da Zaramagako auzoaren birgaitze osorako prozesua. Proiektu hori, Euskal Herria Bilduren ustez, auzoa sakon berritzeko aukera ona izan daiteke. Programa horren helburua, funtsean, eraikinen energia-eraginkortasuna eta bizigarritasuna hobetzea da; izan ere, eraiki ziren garaietako inguruabarrak eta premiak direla-eta, gabeziak eta ajeak pilatu dituzte etxebizitza horiek, urteen poderioz. «Etxebizitzen modernizazio horrekin batera, esku-hartzeak ere egin beharko dira Zaramagako 12.000 biztanle baino gehiago bizi diren espazio publikoa hobetzeko», azaldu du Felix Gonzalezek, EH Bilduko Gasteizo Udaleko bozeramaileak.

 

Gasteizko udalerriko 1950eko eta 1960ko hamarkadetako hirigintza desarrollismoaren adibide ona da Zarama auzoa. Industria ezarpenaren zerbitzura zegoen garapena – Forjas Alavesas eta Michelin, besteak beste –, migratzaile eta langile berriak hirira iristea ekarri zuena, diktadura frankistaren testuinguru zapaltzailean. «Jatorri horiek, apalak nahi izanez gero, denborarekin bidea emango zioten gizarte irakinaldi handiko auzo bizi bati, batez ere proletarioa, klase kontzientzia handikoa, eta geure herriko langile borrokaren historian funtsezkoak izan ziren une batzuetako protagonista argia», gogora ekarri du Gonzalezek.

 

EH Bilduren ustez, iragan hau eta Zaramaga auzoko industria eta langile jatorri hau ez dira traba, ezta arazo ere, auzoaren orainari eta etorkizunari begira, udal txosten batzuk zoritxarrez jaso diren bezala. «Funtsezko elementuak iruditzen zaizkigu Zaramagako historian, aldarrikatu eta zaindu beharreko balioak XXI. mendearen bigarren laurdenera hurbiltzen garenean. Geure ustez, gainera, iraganaren memoria ez dago kontrajarrita auzotarrek eskatzen duten hiri-modernizazioarekin eta birgaitzearekin. Ez da bateraezina kalitatezko eta herritarrengandik hurbil dauden zerbitzuak ematearekin, ez eta etxebizitzaren eta hirigintzaren beharrekin ere, larrialdi klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren egoerak exijitzen dizkigun erronken ildotik», zehaztu du EH Bilduko zinegotzi Rocio Viterok.

 

Birgaitze integraleko proiektu honen eskutik aukera ezin hobea dugu Zaramagaren nortasuna, memoria eta historia aldarrikatzeko eta balioan jartzeko. «Langile eta industria arima hori islatzen duten elementuak zaindu eta balioan jar daitezke, eta ekinbide berriak gehitu, auzoko bizilagunen eskutik. Testuinguru horretan guztian, eta ezin bestela izan, garrantzi berezia du Martxoaren 3an San Frantzisko elizan eta haren inguruan egingo den Memorialak, uste baitugu elementu nagusiak izan behar dutela auzoaren espazioan eta diseinu eraberrituan», Viteroren hitzetan. Euskal Herria Bilduk mozioa erroldatu du gai hauei buruz hitz egiteko heldu den urtarrilaren 20ko udalbatzan.