AKTUALITATEA


| 2021-09-27 11:32:00

EH Bilduk 4 arlo nagusitan oinarritutako Ordenantza Fiskalen proposamena aurkeztu du: babes soziala, ekitate fiskala, larrialdi klimatikoa edo etxebizitza eta birgaitze politika. «Gure zergek eta tasek gaur egun tartea dute progresibitatea hobetzeko eta sistema bidezkoagoa eta progresiboagoa eratzeko, non gehien dutenek ekarpen handiagoa egingo duten, eta errenta baxuenak eta biztanleria zaurgarriena babestuko diren», adierazi du Felix Gonzalez EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak.


Babes sozialaren eta berdintasunaren blokean, EH Bilduk hobariak hobetzea nahi du OHZn eta tasa nagusietan, LGSari erreferentzia eginez, eta horrek beherapen bat dakar errenta baxuenentzat. Halaber, hilean 1.080€ baino gutxiago kobratzen duten pentsiodunek OHZren kuota 100€-ra mugatzeko proposamenari eusten dio. EH Bilduk, gainera, berdintasunean aurrera egitea eskatu du, baita fiskalitatearen arloan ere, ordenantzen idazketa hizkera ez-sexistara egokituz, generoaren araberako datuak bilduz edo hirugarren laukitxoa gehituz. «Urrats bat gehiago eman behar da, eta, beste arau batzuetan egiten den bezala, OOFFen generoaren araberako eraginaren azterketa egin behar da, eta gure fiskalitatearen ondorioak generoaren ikuspegitik neurtu», ziurtatu du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.


EH Bilduk, gainera, ezinbestekotzat jo du sistemak ekitatea eta justizia fiskala hobetzea. Ildo horretan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (EJZ) pixkanaka handitzea planteatzen dugu udalerrian gehien fakturatzen duten enpresentzat. Ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaintzen duten enpresen ehuneko txiki bati buruz ari gara (%10 baino gutxiago), eta, adibidez, gure koefizienteak Bilbon edo Donostian dituztenak baino txikiagoak dira oraindik ere. Era berean, OHZn berriro planteatzen dugu Eliza Katolikoak dagokiona ordain dezala irabazia dakarten jarduera ekonomikoengatik, beste hiri batzuetan egiten den bezala eta auzitegiek babestu duten bezala. Eta bigarren bloke honetan, egiteke dagoen beste gai bat OHZn hutsik dauden etxebizitzei gainordaina ematea da, Bilbon edo Donostian egiten den bezala.


Hirugarren blokean, larrialdi klimatikoari heldu behar zaio, horretarako ere zergak berrikusi behar baitira. Hori da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren kasua. «Ibilgailu kutsatzaileek gehiago ordaindu behar dute. Ildo horretan, foru-araua bera ez da Bizkaian eta Gipuzkoan dagoena bezain progresiboa, ibilgailu potenteenak gehiago zergapetzea ahalbidetzen baitu. Auto kutsatzaileenentzako kuota igotzea proposatuko dugu ordenantzan, eta Batzar Nagusietan erreforma egitea proposatuko dugu», adierazi du Viterok. Ildo horretan, EH Bilduk proposatu du ibilgailu elektrikoak erosteko hobaria %95era handitzea, eta errenta txikienentzako hibridoak erosteko hobaria %75era, baita hobaria errenta-mailara egokitzea ere. Bestalde, eta energia berriztagarriak zabaltzeari eta hedatzeari begira, ekonomia-jardueren gaineko zergaren hobaria %25era igotzea proposatzen dugu, ekoizpen-prozesuetan energia garbiak edo kogenerazioa erabiltzen dituzten enpresentzat.

 

EH Bildurentzat Ordenantza Fiskaletan laugarren arlo estrategikoa etxebizitza eta birgaitzearena da. Etxebizitza hutsaren errekargu horren helburua ez da inor zigortzea, baizik eta etxebizitza hutsen parkea mobilizatzea, higiezinen eskaintza hobetzeko, bereziki, alokairuarena. Hala, errekargua kobratzearekin batera, OHZren %25eko kenkaria planteatzen dugu etxebizitza alokairuan Eusko Jaurlaritzaren programen bidez jartzen duten pertsonentzat. Birgaitzeari dagokionez, gakoetako bat eraginkortasun energetikoa da, inoiz baino beharrezkoagoa baita klimaren larrialdi-egoeran. Hori dela eta, EH Bilduk proposatu du A edo B eraginkortasun energetikoa duten eraikinetan OHZren %50eko eta %25eko kenkariak hiru urtetik bostera igotzea. EIOZn, A eraginkortasun energetikoa lortzeko kenkaria %90era igotzea, baita ehuneko berera ere, aldi berean irisgarritasun-hobekuntzak egiten diren kasuetan. Eta gure auzoetan birgaitze integraleko proiektu berriak egiteko aukera ikusita, proiektu horien obrei lotutako kenkaria %60ra handitzea.


EH Bilduk zergak eta tasak eguneratzeko proposamena egingo du, azpiko inflazioa erreferentziatzat hartuta, kontsumoaren elementu lurrunkorrenak alde batera utzita (gaur egun %1 ingurukoa da). «Kontuz ibili behar da erabiltzen diren erreferentziekin; izan ere, gaur egun, urte arteko inflazioa (KPIa) erreferentzia bakar gisa erabiltzeak analisia desitxuratzen du, energiaren prezioen igoera bortitz eta bidegabearen ondorioz», adierazi du Gonzalezek.