AKTUALITATEA


| 2022-11-10 11:40:00

EH Bilduk elkarrizketarako eta akordiorako prestasuna mantendu du 2023rako Aurrekontuen eztabaidari begira. Udal gobernuak aurrekontu proiektua aurkeztu ondoren, EH Bilduk uste du pertsonen babes soziala eta ongizatea lehenetsi behar direla, hain zuzen ere, egungo krisi sozioekonomikoan.

Hala ere, EH Bilduk uste du Urtaranek ez duela aurrekontu errealistarik aurkeztu.
«Aurrekontuak errealista izan behar du. Europako Funtsei lotutako proiektuak aurkeztu dira, baina proiektu horiek ez daude aurrekontu proiektuan jasota. Eta berdin gertatzen da ZUOren salmentarekin lotutako diru-sarrerekin. Jendearen beharrei erantzungo dien aurrekontu bat nahi dugu, eta hori lortzeko elkarrizketarako prest gaude», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.

EH Bilduren ustez, aurrekontu horiek egungo arazoei erantzun behar diete, eta milaka pertsona jasaten ari diren zailtasunak arintzeko balio behar dute. Horregatik, gaur EH Bilduk
Urtaranen gobernuari aurpegiratu dio ez duela aurrekontuen irudi fidelik eman. Izan ere, Urtaranen gobernuak Europako Funtsen etorrerari lotutako proposamenak saldu ditu prentsa agerraldian, baina, gero ez ditu horiek aurrekontu proiektuan sartu. Eta Viterok adierazi duenez, gobernuak gauza bera egin du proiektu zehatzak Zoruaren Udal Ondarearen salmentarekin lotzean.

Zinegotziak berriro adierazi du EH Bilduk
«asmo eraikitzailearekin eta erantzukizunez» ekin diola aurrekontuen eztabaidari, «egungo egoerak hala eskatzen duelako. Ongizatea eta gizarte babesa bermatu eta handitu behar ditugu, eta aberastasuna birbanatzearen alde egin». Eta ildo beretik, FOFEL bidez Udalera iritsiko diren 23 milioi euro gehiago zertarako erabiliko diren erabakitzeko beharra azpimarratu du.