AKTUALITATEA


| 2019-11-28 11:41:00

EH Bilduk pertsonen zaintzan oinarritutako eta larrialdi klimatikoari erantzuna emango dion aurrekontu proposamena aurkeztu du. EH Bilduren planteamendua ikuspegi aurrerakoia eta berritzailea ekartzean datza eta legealdi osorako planteamendua da, hori baita, hain zuzen ere, gobernuaren aurrekontu-proposamenari falta zaiona. Izan ere, 2020rako proiektu berritzaile bakarra BRT-a da, EH Bildu eta udal gobernuaren arteko akordio batetik abiatu dena.

EH Bilduren proposamena hiru bloke handitan banatzen da. Lehenengoa, larrialdi klimatikoari erantzuna ematean oinarritzen da, eraldaketa eta berrikuntza lerro bat sortuz, ekonomiaren deskarbonizazioan eta kalitatezko lanpostuen sorreran lerrokatutako enpresa, azpiegitura eta berrikuntzarako inbertsioak finantzatzeko. Inbertsio hori 2 milioi eurotik gorakoa litzateke.

Horrez gain, Eraldaketa Berdearen Funtsaren partida bat sortzea proposatzen du EH Bilduk, karbonoan baxuak diren energia berriztagarrietarako, garraiorako, biodibertsitaterako eta ingurumena lehengoratzeko, ia 2 milioi eurokoa. Proposamenak Energia Berriztagarrien Planera bideratutako partida handitu beharra dagoela jasotzen du, bai eta Hegoaldeko ibaien eta Larragorriko proiektua eta biodibertsitatearen kontserbazioa kontuan hartzen dituzten partida berriak gehitu ere.

Mugikortasun iraunkorra EH Bilduren lehentasunetako bat da, mugikortasun segurua, eskuragarria, osasungarria, eraginkorra, ekonomikoki bideragarria eta kutsadurarik gabekoa. Hori dela eta, Miren Larrion buru duen alderdiak bidegorrietan inbertitzearen aldeko apustua egin nahi du, trafikoari kalte handia egiten dioten puntuei irtenbidea emanez –Latinoamerikako eta Esmaltazioak biribilguneak, adibidezeta Superetxadien aldeko behin betiko apustu integrala egiteko.

EH Bilduk proposatu duen bigarren ildoa soziala da: Gasteiz berdintasunezko hiria, solidarioa eta zaintzailea izatea. EH Bilduk aurre egin nahi die gobernuak Emakumeen Etxerako eta LGTBI Behatokirako aurrekontu-partidetan planteatzen dituen murrizketei, eta aldez aurretik hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio gobernuari, hala nola, Gasteiz Hobetuz programarako milioi eta erdi euro bideratzearena, edo udal-aurrekontuaren %1a Garapenerako Lankidetzarako erabiltzea. Horrez gain, EH Bilduren nahietako bat Gasteiz hiri zaintzaile baten bihurtzea da, Gasteiz osatzen duten pertsonei lehentasuna emango diena. Horrela, EH Bilduk lehentasuna emango dio adinekoentzako tutoretzapeko etxebizitzak eskuratzeko itxaron-zerrendak murrizteari, zaintzaileei laguntzeko programa bat ezartzea proposatzen du eta etxez-etxeko sukalde eredu berri baterantz aurrera egitea bilatuko du.

Hirugarren lan-ildoak pertsonengan jartzen du arreta berriro ere, haien beharrei erantzuteko, baina, horrez gain, haien bizitegi-premiak konpondu nahi ditu, bai eta hirian jada eraikitako azpiegituren aldeko apustua egin ere. Azken batean, hiria suspertzea, biziberritzea eta berrasmatzea bilatzen du, 4 milioi eurotik gorako zuzkidura duten partida batzuen bitartez. Hiria suspertzea bilatuko du ere EH Bilduk, etxebizitzen birgaitzerako laguntzak eta Gasteizko auzoetan birgaitze-planak sustatuz, hiriko Alde Zaharra bereziki kontuan hartuz -gabezia eta premia nabarmenak baititu-. Hiria biziberritzea da beste asmoetako bat, etxebizitza-parke bat sortuz eta gazteentzako etxebizitza komunitarioa sustatuz. Azkenik, hiria berrasmatzea bilatzen du EH Bilduk, dagoeneko eraikita dauden kultur azpiegiturak aprobetxatuz.