AKTUALITATEA


| 2022-09-20 11:40:00

EH Bilduk Gasteizko udalerrian garatu gabe dauden hainbat hirigintza-sektoreren egoerari buruzko txosten juridiko batzuen ondorioak azaldu ditu. Horietatik honako esaldi hau atera daiteke hitzez hitz: «Hirigintzaren arloan, aurreikuspenengatik ez da kalte-ordainik ematen, oso zentzuzkoak diruditen arren. Legez tasatutako kalteak baino ezin dira ordaintzen».

Txostenetan, gainera, honako iritzi honetan sakontzen da: «Gasteizko Udalak ez du inolako ondare-erantzukizunik izango desklasifikazioa egiteko, alferrikako gastu batzuk izan ezik, horiek erreklamatu, egiaztatu eta legez aurreikusitako kalte-ordain kasuetara egokitu beharko baitira». Are gehiago, HAPOaren berrikuspena idatzi duen taldearen txosten juridikoan honako hau argudiatzen da: «Bizitegi-izaerako sektore urbanizagarri horien desklasifikazioa ezinbestekoa da interes publikoaren ikuspegitik».

Hala, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez,
«txosten juridikoen arabera, legez tasatutako kalteak baino ezin dira ordaindu. Hau da, Gasteizen gehiegizko etxebizitza daukagu aurreikusita, garatu gabeko sektoreak desklasifikatu behar ditugu eta, orain, txosten hauek EH Bilduren jarrera berresten dute: egingarria eta legezkoa da desklasifikatzea milioi askoko kalte-ordainik ordaindu behar izan gabe».

Uda baino lehen, Urtaranek iragarri zuen 17. sektorean hirigintza-interesak dituzten sustatzaileei eta eraikuntza-enpresei «eskaintza» bat egiteko asmoa zuela.
«Udalaren txosten juridikoek argi uzten dute ez zaiela ezer zor pertsona horiei, eta, beraz, desklasifikazioekin aurrera egin daitekeela», ziurtatu du Felix Gonzalez EH Bilduko bozeramaileak.

EH Bilduk aipatzen duen dokumentazioa luzea da, eta uztailaren azken egunean helarazi zien gobernuak talde politikoei. Dokumentazio horrek bi txosten orokor ditu sektore horien egoera juridikoari buruz, eta 25 espezifiko lizentziak etetea indarrean dagoen sektore zehatzei buruz.

Hala ere, EH Bilduk uste du txosten horiek motz geratzen direla eta ez dutela egoeraren benetako argazkirik eskaintzen. Zehazki, HAPO
aren egungo aurreikuspenak 6.000 etxebizitza inguru ditu. Hiriarekin lotura zuzena duten lurzoruetan aurreikusitako desklasifikazioek 17. eta 18. sektoreetako 610 etxebizitzari baino ez diete eragiten, eta herrietakoak gehituta, 2.302ra igoko lirateke. Hau da, hemen, garatu gabeko 14 eta 5b sektoreak falta dira, lizentzien etenalditik kanpo geratu direnak, eta aurreikusitako gehiegizko etxebizitza gehienak biltzen dira: 4.428 etxebizitza.

Gobernuak azterketa juridikotik eta etetetik kanpo utzi ditu bi sektore horiek, eta horiek desklasifikatzea funtsezkoa da hiri kohesionatu eta trinkoa eraikitzeko erronkari erantzuteko. Horrela, Gonzalezek adierazi duenez,
«EH Bilduk argi dauka bi sektoreak ez direla garatu behar. EAJk eta PSEk horren inguruan dituzten asmoak ezkutatu dituzte. Ezin dugu plan orokor berri bat atera, egungoa baino etxebizitza gehiago izango dituena. Ez da jasangarria eta ez da koherentea».