AKTUALITATEA


| 2020-03-19 11:27:00

EH Bilduk AMVISA sozietate publikoaren presidentetzari, COVID-19k eragindako osasun-krisiak iraun bitartean, aplikatu beharreko hainbat neurri helaraziko dizkio. Proposatuko zaizkien neurrien artean, Amancay Villalba EH Bilduko kontseilariak "aldi horretan ez dela hornidura-etenaldirik egingo ziurtatzea" eskatuko du.

Nazio Batuek ura Giza Eskubidetzat aitortzeak (2010ean gauzatu zen), agerian uzten du ura ezinbesteko ondasuna dela bizitzarako eta Giza Eskubideak bermatze aldera. Edateko ura, segurua eta kalitatezkoa izatea beharrezkoa da higiene-neurriak eta herritarren osasun ona bermatzeko.

 

Koronabirusari aurre egiteko hartutako neurriek ura eskuratzearen garrantzia berresten dute, izan ere, etxeetako ur-kontsumoa handitzea dakarte, batetik, higiene-neurriak areagotzeagatik, eta, bestetik, etxebizitzetan egoteagatik. Hau da, ia ur-kontsumo guztiak etxeetan bertan egiten ari dira. Neurri horiek zaurgarritasun ekonomiko handiena duten familientzat ondorio negatiborik izan ez dezaten, Villalbak "aurtengo lehen hiruhilekoko fakturarako ordaintzeko erraztasunak ematea hala behar duten familiei, bai hurrengo hiruhilekoetan zatika ordainduz, bai 2020. urtearen amaierara arte geroratuz" eskatuko du.

 

Era berean, ura hornitzeko eta saneatzeko zerbitzua herritarrentzat oinarrizko zerbitzua dela ulertuta, eta zerbitzu hori mantentzeko beharrezkoa dela langileak egotea, neurriak zorroztu daitezela eskatuko du EH Bilduk zerbitzua bermatua egon dadin eta langileen osasuna arriskuan jarri gabe.

 

Eskaera hauek, gainera, datorren igandean, martxoaren 22an, ospatuko den 'Uraren Munduko Egunaren' barruan kokatzen dira. Egun honetan, urtero, "Urre likidoaren" garrantzia goraipatzean jartzen da arreta. Aurten Uraren Mundu Egunerako aurreikusitako gaia ura eta klima-aldaketa binomioa bada ere, eta biak ala biak estuki lotuta daudenez, COVID-19aren harira izandako gertakarien ondorioz, martxoaren 22ko ospakizuna aukera bat gehiago izango da munduko biztanle guztiek kalitatezko ura eskuratzeko duten premian aurrera egiteko, bai eta higiene-neurriak ziurtatzeko ere, eta, beraz, pertsona guztien osasuna babesteko.